euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Ohore zuri euskal artzaina, ohore zuri atta!’: 500 bat lagun batu zituen Lesakan azken Euskal Artzainen Urteroko Festak

2026/10/02

Artzain Amerikanuen Urteroko festa, 2026ko irailaren 27an, Lesakan, bere azken edizioan (argazkia Ondikol-DNN)
Artzain Amerikanuen Urteroko festa, 2026ko irailaren 27an, Lesakan, bere azken edizioan (argazkia Ondikol-DNN)

PUBLIZITATEA

Lesaka, Nafarroa. "Ohore zuri, euskal artzaina", eta "Ohore zuri, atta" da, Euskal Artzainak Ameriketan elkartea antolatzaile, joan den igandean Lesakan, Ameriketan artzain ibilitakoek egin duten elkarretaratzeko leloa. Hitzordu eta lelo berezia. batetik, duela 20 urte Lesakan bertan egin zelako artzain amerikanuen lehenengo urteroko topaketa eta egun osoko biltze-eta-elkar-berriz-agurtze hitzordu eta egun hau, ondoren Nafarroan Ameriketara artzain izateko gazteak bidali zituzten hamaika herritatik ibiltari mugitzeko. Urteotan, bihotz andana bat hunkitu eta jende askori irria kanpoan eta barnean biztu dion ekimena izan da, artzain ohiei, adinean dagoeneko, bozkarioa ekarri, eta esker oneko errekonozimendua edo domina bat ematea bezala. Eta Ameriketan artzain ibilita pasadizo on eta txarrak pasatu ondoren, marka utzitako esperientzia hura jendaurretu eta eskarmentu bera bizi izan zuten beste askorekin partekatzeko aukera. Askok urte osoan espero izan dute, garrantzitsua eta pozgarria izan da euren bizitzetan. Eta honek guztiak, Laura Igantzi, eta jende taldetxo bat izan zuen duela 20 urte akuilu eta antolatzaile. Lauraren kasuan, aita, Ángel Yanci, atta, gogoan.

Joan den igandean, beraz, duela 20 urte bezala berriro ere izan da Lesaka amerikanuen biltoki, eta 2006 urtetik Laura Igantzi buru duen Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteak urtero antolatzen duen artzain amerikanoen omenezko ekitaldiaren gertaleku. Topaketak 500 bat lagun bildu zituen, tartean artzain ohiak, euren ondorengoak –AEBtik propio etorritakorik ere– eta hasieratik ekimenaren laguntzaile izan zirenak. Bi hamarkada bete eta gero, azken jaialditzat aurkeztu da.

Euskal artzain amerikanuaren irudia ezagutarazten

Igantziren hitzetan, “aurten 20 urte egin dira lehenengo Artzain Amerikanuen Festa antolatu genuenetik. Topaketa hartarako Ameriketan artzain ibilitako ehun bat nafarren informazioa jasoa genuen eta jaia ederra izan zen gizarteari haien berri emateko. Aita joan zitzaigunetik ere 20 urte bete dira. Gure aitak, Ángel Yanci Elizondo, 1952an emigratu zuen Elkora (Nevada) eta bertan hamar urte baino gehiago eman zituen artzain, artalde erraldoiak zaintzen, bakardadean. Azken festa honekin, berari eta artzain guztiei egin nahi izan diegu omenaldia, ziklo bat ixteko”.

Ospakizuna ongietorri ekitaldiarekin hasi zen eta ondoren txaranga, zaldunak eta karroak iritsi ziren herrira. Gurdiek artzainek mendietan erabiltzen zituztenen modukoak ziren, eta barnean duten oheska eta ezaugarriei erreparatuz ikus zitekeen nola bizi ziren Estatu Batu Mendebaldean euskal artzainak. Eguerdian, meza izan zen. Lesakako Abesbatzak, Bankako Menditarrak taldeak eta Erramun Martikorenak abestu zuten. Herriko ezpatadantzariek Zubigainekoa dantzatu zuten, txistulariek lagundurik, eta eguerdia pasata bildutakoek bazkaria partekatu zuten pilotalekuan. Menditarrak eta Erramun Martikorena bazkalostean ere aritu ziren.


Jaiaren hasiera, zaldunak, txaranga eta dantzariak


Kantak elizan, Menditarrak taldea eta Erramun Martikorena kantari


Oroigarria jaso eta Laura Igantzik bildutakoak festan ondo pasatzera animatu zituen 


Bostehun bat lagun bildu ziren bazkarian Lesakako pilotalekuan

Lesakako Udalak, herriaren izenean, oroigarria eman zion Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko sortzaile eta lehendakaria den Laura Igantzi herritarrari; eta Nafarroako Gobernuko Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak ere zenbait solas egin zituen, eskerrak emanez eta Ameriketan ibilitako artzainen lana eta ekarpena goraipatuz.

Ziklo bat itxi du Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak aurtengo elkarretaratzearekin, baina horrek ez du esan nahi lan egiteari utziko dionik, Igantzik berak azpimarratu zuenez du Elkarteak bere gainerako eginkizunekin jarraituko baitu, euskal artzainen istorioak biltzen eta historia osatzen eta ezagutarazten, argitalpen, erakusketen eta ikerlanen bidez.

Hogei urte hauetan Euskal Artzain Amerikanuen Festa egin izan da Lesakan (2006), Gernika eta Alduden (2007), Elizondon (2008), Auritzen (2009), Sunbillan (2010), Eugi eta Zubirin (2011), Iruñean (2012), Donibane Garazin (2013), Bardenetan (2014), Beran (2015), Izaban (2016), Legazpin (2017), Lekunberrin (2018), Erron (2019), Urdazubin (2023), Berueten (2024) eta Donezteben (2025).

Jai osoaren bideo gehiago Elkartearen sare sozialetan ikus daitezke. Facebook, Euskal Artzainak Ameriketan; Instagram, euskalartzainakameriketan.

Ohore zuri, euskal artzaina!



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia