euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dolores Lazkano gogoan, Ameriketara joan ziren emakumeak omendu zituzten artzain amerikanoek Beran

2015/10/16

500 lagun inguru bildu ziren Beran artzain amerikanoen bazkarira (argazkia Ttipittapa.net)
500 lagun inguru bildu ziren Beran artzain amerikanoen bazkarira (argazkia Ttipittapa.net)

PUBLIZITATEA

Iragan urriaren 3an urteroko bilkura egin zuen Beran Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak. Jendetza bildu zen bertara, 500 bat artzain eta euren senitartekoak, emazteak eta seme-alabak. Aurten izan ere, emakumeak ziren protagonista: artzainekin batera Ameriketara joan ziren andre gazteak, eta familian euskal kultura eta euskara gorde eta transmititu zutenak. Festak Dolores Lazkano zena omendu zuen, elkartearen sortzaile eta sustatzaileetako bat.

Bera, Nafarroa. Iragan mendean Euskal Herriko milaka gazte joan ziren Ameriketara artzain gisa lanera, baina ez ziren bakarrik abiatu abentura horretara. Eurekin batera, euskal emakume askok ere egin zuten Atlantikoz bestaldera bidaia eta etxetik urrun bizi berria hasi zuten. Kasu askotan emakume hauek izan ziren seme-alabak hazi zituztenak, bakarrik ia-ia, senarrak mendian artaldeak zaintzen zituzten bitartean.

Emakume hauek izan ziren Ameriketan euskara eta euskal kulturaren transmisio egin zutenak eta, hori dela eta, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak omenaldia egin zien urteroko bazkarian, Beran.

Festa meza batekin hasi zen, elkarteko presidente Laura Igantzik EuskalKultura.com-i agertu dionez. Elizkizunean parte hartu zuten Berako Abesbatzak eta Bankako Menditarrak koruak, eta euren abestiek bilkurara bertaratu zirenak hunkitu egin zituzten. Unerik zirraragarriena, hala ere, Dolores Lazkano zenari omenaldia izan zen. Lazkano elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta lan handia egin zuen euskal artzainen bizipenak ezagutarazten. Bere alaba Maitetxu Leonis Lazkanok jaso zuen omenaldia eta amaren lanarekin jarraitzeko asmoa agertu zuen, hunkituta.

Meza ostean, 500 lagundik gorako taldea Berako frontoian bildu zen, bazkaltzeko. Han "jaibol" (ingeleseko highball-etik) izeneko aperitibo berezi batekin hartu zituzten. Oesteko koktel tipikoa da jaibol-a eta artzainek bileratan klasiko bat. Bazkarian giro bikaina izan zen eta artzainek Ameriketan bizitako urte gogorrak nostalgiaz gogoratu zituzten.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia