Mexiko hiria, Mexiko. Futbol taldea berriro sortzeko ametsa bete du aurten Mexiko Hiriko Euskal Etxeak Iñaki Fernández zuzendari teknikoaren eskutik. Oso denbora laburrean, osatu ez ezik, taldeak hiriburuko Asturiar Zentroan Covadongako Espainiako Juntak urtero antolatzen duen Txapelketan jokatu eta, finalerditan geratu zen, trebatzaileak EuskalKultura.eus-i aitortu dionez, “heriotzaren multzoan” tokatu baizitzaigun, "baina ez gara batere gaizki ibili, emaitzak zinez aipagarriak izan dira", esan digu.
“Orain 20 bat urte Euskal Etxeak bazuen futbol taldea baina denborarekin desegin egin zen", jarraitzen du. "Nik ezagutu nuen eta horregatik beti izan dut berriro osatzeko gogoa”. “Orain, 18 urtetik gorako hogei bat jokalari bildu ditugu eta banekienez gizataldeen txapelketa hauek existitzen zirela, sortu eta berehala eman genuen izena”, azaltzen du. “Beste taldeetan ez bezala, gurean futbolariek euskal jatorria behar dute izan, berdin dio urruna bada ere". "Izan ere, kirola praktikatzeaz gain sustraiekin konektatzen laguntzea ere bada gure helburua”, adierazi duig.
"Hasiera baino ez da izan"
Txapelketan, Euskal Etxeak ‘Casino Español’i irabazi zion “24 partida galdu gabe zeramatzaten, baina galdu egin zuten gure kontra”, kontatzen du harro Fernandezek; eta baita ere ‘Junta de Covadonga’k. “Finalaurrekoan, ‘Asturiano’ aurkari geneukala, partida ederra egin genuen, baina ez zen irabazteko nahikoa izan… normala, ligako onenak baitira”, aipatzen du.
“Baina txapelketa proba bat baino ez da izan; nik apenas ezagutzen nituen jokalariak, taldea sortu berria baita". "Antolatzen segituko dugu, akatsak zuzenduko eta futbolari gehiago 'fitxatuko' ditugu”, jakinarazten du trebatzaileak. Deialdia irekita dago eta datorren Txapelketa ‘La Cruz de Mayo’ izenekoa izango da, Espainiar Kluba antolatzaile, datorren maiatzean.
- Bat egin nahi baduzu, informazioa, 5532324038 telefonoan.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



