Vitoria-Gasteiz. Irailaren 21era arte eska daitezke euskal gazte profesionalek atzerrian praktikak egiteko "Basque Global Industry" bekak, lehen "Global Training" izenez ezagutzen zirenak. Eusko Jaurlaritzak (SPRI) urtero antolatzen duen programa honen helburua da "prestakuntza ematea eta aukera euskal profesional gazteei, atzerrian trebatu eta gaitasun eta kontaktu baliotsuak eskuratu eta landu ditzaten, euren profil profesionalak indartuz eta euskal enpresa-sektorearen lehiakortasuna sustatuz". Eskatzaileek unibertsitate-titulua edo goi-mailako lanbide-heziketakoa izan behar dute, 2026ko urtarrilaren 1ean 30 urte baino gutxiago izan, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi eta ingelesa menderatu.
Beka jasotzen dutenek ordaindutako praktika profesionalak egingo dituzte, hilean 1.785 euro gordin arte jasota, 6 eta 12 hilabete bitarteko epean. Interesa duten hautagaiek eskuragarri dauden beken zerrenda aztertu beharko dute, euren profilera hobeki egokitzen dena aukeratu eta eskaera praktikak egin nahi dituzten erakundeari aurkeztu 2026ko irailaren 21a, astelehena, baino lehen. Ondoren, hautaketa-prozesu bat gainditu beharko dute, programan parte hartzeko dituzten gaitasunak, prestakuntza eta motibazioa ebaluatzeko.
- Informazio osoa SPRIren (Eusko Jaurlaritza) webgunean eskuragarri.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


