Santa Rosa, Argentina. Zelaiko Euskal Etxeak 34 urte bete ditu Santa Rosan pasa den hilabetean. Elkarretaratze ederra, sukaldaritza tradizionala, zuzeneko musika eta dantza emanaldia uztartu zituen ospakizun koloretsu batean. Abuztuaren 2an, ehun bat bazkide eta lagun elkartu ziren Ferro kaleko egoitzan, denak elkarrekin bazkaldu eta giro alaiaz gozatzeko, La Pampako euskal komunitatea batzen duen senidetasun giroan.
Ona Sansinaneak dantzaturiko Agurrak ireki zuen ekitaldia, Diego Gallego txistularia lagun. Nazarena Melchiorrek zuzendutako dantza taldeak eguneko momenturik berezienetakoa eskaini zuen: Axuri Beltza-ren estreinaldia. Silvia Carrerak propio egindako jantziek Jaurrietako emakumeen tradizioa ekarri zuten gogora. Ikuskizuna osatzeko, txikienek Esku dantza eta Lantzeko Inauteria dantzatu zituzten. Amaitzeko, opilaren eta brindisaren aurretik, Ipurdi dantzan parte hartzera gonbidatu zituzten bertaratutako guztiak. Zuzeneko musika ere ez zen falta izan: Laura Feijóok (ahotsa eta gitarra), Jon Fernándezek (gitarra), Diego Gallegok (zeharkako txirula) eta Roberto Roldanek (pianoa) euskarazko abestiak interpretatu zituzten. Horrez gain, Armando Muñozek Argentinako folklorearekin jantzi zuen festa.
Jaia posible izateko, funtsezkoa izan zen batzordearen eta bazkideen lan oparoa. Izan ere, ostiraletik aritu ziren aretoa txukuntzen eta igandeko bazkarirako beharrezko guztia prestatzen. Igandean, sukaldean, Luis Álvarez Mujica lehendakaria eta bere emaztea aritu ziren (barkatu, ez dugu emaztearen izenik) paella egiten, eta Mariángeles Sarasola lehendakariordeak eta Mariano Sagastik San Fermin pintxoak prestatu zituzten. Bazkalondoan zozketak ere egin zituzten: landareak, zeramikak, bitxiak eta eskualdeko produktuak banatu zituzten, elkartearekiko konpromiso eta partaidetza fina erakutsiz.
Zorionak, Zelaiko Euskal Etxea!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


