Santa Rosa, Argentina. Burdinbideari eta XIX. mende amaierako immigrazioari estu lotuta, Toay herri pampatarrak (Sta Rosatik 10 km-ra) bere kultura-aniztasuna aldarrikatu du beste behin. 2018an sortutako La Pampako Gizataldeen Jaiak seigarren edizioa bete du, eskualdean errotutako komunitateen ekarpenaren gorazarre. Apirilaren 11 eta 12ko asteburuan, Udal Rekreazio Gunean, Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxea nabarmendu zen alemaniar, italiar, galiziar, siriolibanotar, venezuelar, boliviar eta perutarren artean, egitarau kultural, gastronomiko eta artistiko mamitsua eskainiz.
Euskal txosnan jakiak ez ziren falta izan. Luis Mujica lehendakari eta sukaldaria, bazkide talde batekin batera, buru-belarri aritu zen kroketak, rabak, txorizoak ardotan, kalimotxoa, goxua eta pantxineta bezalako kutixiak zerbitzatzen. Sukaldeko lanez gain, kultura arloak ere izan zuen bere lekua: Monica Becerraren ardurapean, etxeko txikienek euskal jantziak probatzeko aukera izan zuten, eta helduen artean haritz-haziak banatu zituzten, landatzeko argibideak eta guzti. “Pulpi” Herrero aktoreak jarri zion umore ukitua jaialdiari; baserritarrez jantzita eta buruhandi bat lagun, festagune osoan ibili zen Santa Rosako Euskal Etxearen proposamenak zabaltzen.
La Pampako hiriburuko Zelaiko Euskal Etxeko dantzariak Toayn ospatutako Gizataldeen Jaian
Dantzari dagokionez, Nazarena Melchiorren zuzendaritzapean, Zelaiko Euskal Etxeak zuzeneko musikaren aldeko apustua egin zuen. Horretarako, berez Euskal Herrikoak diren hiru gazte batu ziren: Ioritz Goizueta Royo, Diego Gallego eta Jon Fernandez Eguilor. Euskaltzaleak-eko Carolina Alessandrini panderojotzaileak osatu zuen taldea. Ioritz Goizuetak eta Ona Sansinaneak Agurra dantzatu zuten lehenengo, Diego Gallegoren zeharkako flauta lagun. Ondoren etorri ziren Abarketak, eta jarraian, une berezi bat: Goizuetaren eta Daniel Echaide malambo dantzariaren arteko "elkarrizketa dantzatu" harrigarria, Laura Feijooren (gitarra) eta Lucia Arrarásen (biolina) doinupean. Saioa osatzeko, Orpo punta, Lantzeko Inauteria, Fandangoa, Txulalai eta Kalejira dantzatu zituzten.
Igandean, Celia Quesada gasteiztarrak koordinatutako sokatira saioak piztu zuen giroa. Ondoren, oholtza partekatu zuten Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko dantzariekin. Musika zuzenekoa izan zen berriro ere, DOA (Diasporako Orkestra Argentinarra) taldeko kide diren Mariangeles Sarasola klarinetea, Laura Feijoo gitarra eta ahotsa, Lucia Arrarás biolina eta beste hainbat musikariren eskutik, Macachingo Clara Garcia eta Franco Jose txistulariak barne. Bi jardunaldiei amaiera emateko, gizatalde guztiek batera dantzatu zuten. Zelaiko Euskal Etxearen izenean, Maitena Salaburu, Ona Sansinanea, Sara Aragon, Nazarena Melchior eta Laura Feijoo aritu ziren azken amaierako carnavalitoetan.
Zorion beroak Zelaiko Euskal Etxea!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


