euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fresnoko jaiak hasi du 2026an beste urte batez Kalifornian Estatu Batuetako 2026ko euskal pikniken 'udako sasoia'

2026/05/08

Euskal Piknik eta Festen Sasoia AEBn: 2026an, maiatzaren 2an hasi zen Fresnon eta urriaren 10ean bukatuko da Rocklinen, bertako piknik festa eta NABO Kantari Egunarekin
Euskal Piknik eta Festen Sasoia AEBn: 2026an, maiatzaren 2an hasi zen Fresnon eta urriaren 10ean bukatuko da Rocklinen, bertako piknik festa eta NABO Kantari Egunarekin

PUBLIZITATEA

Fresno, Kalifornia, AEB. Maiatzean gaude, eta maiatzean sartzearekin batera hasi berria dugu "Estatu Batuetako euskal piknik jaien uda sasoia" deitua den euskal etxeen jai nagusien egitaraua, Euskal Herrian herriko jaien pareko diren festen sasoia, alegia. Maiatzean, lau jai baitaratuko ditu aurten, lehenengoa, Fresnokoa, joan den larunbatean izan zen, eta ondoren hilabetean zehar Los Banos eta Bakersfieldekoak, etorriko dira, hiru lehen hauek Kalifornian; laugarrena, berriz, beste kostaldean, Connecticuteko Suffield-en. Sasoia, urrian bukatyuko da, bueltan Kalifornian, hilaren erdialdean Lincoln herrian Iparreko Ibarra Euskal Etxearen jaialdian. Tartean, hainbat piknik eta besta aipatutako Kalifornia eta Connecticut-ez gain, Nevada, Oregon, Washington, Utah, Idaho eta Wyoming estatuetan.

[Ohar gisa, tradizionalki Euskal Estatu Batuetan, piknikak meza katoliko batez hasi izan dira eta hein handi batean hala segitzen dute, izan ere mezak eta fede katolikoak loturik segitzen du bertako euskal komunitateetan Euskal Herritik ekarritako ohitura eta moldeei. Hamarkadetan, euskal meza horiek, euskaraz edo euskaraz eta ingelesez emanak, AEBko euskaldunen omonier edo kapilauak eman izan ditu, halakorik egon denean behintzat. Gaur egun aita Antton Egiguren frantziskotarra da bertako euskaldunen apaiza, eta berak ematen ditu pikniketako meza gehienak. Urte batzuetan Kaliforniako Merced-en egoitza eta parrokia zuela eta lehenago Idahoko Boisen, gaur egun Bakersfield du egoitza aita Anttonek, eta bertatik abiatzen da gehienetan autoz Mendebalde osora, bere euskal lana Bakersfieldeko parrokiakoaren aldiberekotuz. Igandero urtean zehar ematen dituen euskal mezak —pikniketakoan barne— AEBko Artzai Ona euskal elkarte kristauaren Facebook orrialdetik segi daitezke zuzenean, edo behin funtzioak izan eta gero, bertan geratzen dira nahi duenaren ikusgai]

Fresno Basque Club Fresnoko Euskal Etxeak ireki zuen, esan bezala, joan den larunbatean, maiatzaren 2an, 2026ko egutegia, bere 48. Euskal Piknikarekin. Campos Anaien Farman egin zen, Caruthers-en, ateak 9etan zabalduta. 10etan meza eman zuen aita Anttonek eta eguneko osagai izan ziren kabalkada, euskal dantzariak, klika, pilota, musika, dantzaldia, eguerdiz bildots erre bazkaria  eta arratsaldean sandwitxak eta, bistan da, mus partidak. Musikariak, bertako Izen Gabe (ikus artikulua aparte), eta Amerikanuak bandak. Bezperan, Piknik aurreko afaria egin zuten, Etchechury-tarren Santa Fe euskal ostatuan. Eta ondotik ere, igandean, euskal gosaria eta azken agurra giro paregabez ostatu berean. Datorren hitzorduak, maiatzaren 17an, igandea, Los Banosera garamatza Los Banos Basque Club euskal etxearen 62. Urteroko Piknikera, herriko Fairgrounds azokalekuan. Meza 9:30etan eta ondoren ardiki barbakoa bazkaria, euskal dantza emankizunak, klika, herri kirolak eta dantzaldi publikoa. Hemen ere aurreko gauean eta ondoko goizean, bertako Woolgrowers euskal ostatua izango da euskara eta euskal giroa maite dutenen biltoki Kuttun.


Fresnoko piknik hasiera joan den asteburuan (irud. Jennifer Hamilton for Fresno Superior Court Judge)

Bakersfielden, bertako Kern County Basque Club euskal etxeak maiatzaren 23an eta 24an egingo du bere 52. Besta. Aurreko egunean, CSUB unibertsitateko Euskal Ikasketak lankide, Karmele filma emango dute euskaraz ingelesezko azpitituluz, Asier Altuna zuzendaria eta Marian Fernandez ekoizlea bertan solaskide, eta ostiral gauean herriko euskal ostatuetako batean bapo afaldu ondoren, bi eguneko festa. Programan, mus txapelketa, pilota partidak bertako eta Euskal Herriko pilotariekin, igandean meza aita Anttonekin, klika eta euskal abesbatzarekin, euskal dantzariak eta erromeria, Bakersfielden bertakoak bezala den Luhartz bandarekin. Astelehenean jai da AEBn —Memorial Day— eta festaburu bezala, iluntzeraino luzatuko den euskal gosaria Woolgrowers euskal ostatuan. Maiatza bukatzeko, ekialde kostaldera goaz, maiatzaren 30eko, larunbata, Basque Fest euskal jaira, New England Basque Club antolatzaile, Riki Lasaren Farma edo Etxaldean, Connecticuteko West Suffield-en. 13:30etik aurrera, euskal musika, kantua, herri kirol erakustaldia (aizkora, trontza, harrijasotzea, txingak...) euskal janari eta edari freskoa lagun, txakolina ere tarteko.

Ekainak Kalifornia aldera gakartza, San Frantziskora, Basque Club of San Francisco euskal etxearen bestara. Gure Euskal Etxearen 64. Urteroko Euskal Piknika Pengroven egingo da, hirugarren urtez, urte askotan Petaluman egin  baitzen. Euskal meza 9:45etik aurrera, kabalkada, Etxeko abesbatza, klika eta Zazpiak Bat dantza taldeekin. Egunean zehar haur jolasak, bildoski erre bazkaria, musika eta kantua. Ekainaren 13 eta 14ak, Nevadako Winnemuccaren izena darama. Bertako 46. Euskal Jaialdia kale nagusiko herriko Konbentzio Zentroan egingo da, Euskaldunak Danak Bat euskal etxearen eskutik, bertako eta kanpoko euskal dantzari, musikari eta saltzaileak lagun, ezinbestekoa den euskal barbakoa osagai, Irrintzi dantza taldeko neska-mutikoen jauziak bertaratutakoen gozagarri, Amerikanuak taldeak gidatutako erromerian. San Juan Eguna, berriz, Idahoko Homedalen ospatuko dute, ekainaren 21ean, tradizioari segituz eta Sua ere piztuz, Txoko Ona euskal etxearen lan ederrari esker. Programa orokorraren aurretik, eguerdiz, Mus Txapelketa. Arratsaldez, dantza eta musika emanaldiak Boiseko Oinkari eta bertako Herribatza dantzariekin eta Txantxangorriak musika eskolako musikariekin, joko eta jolasak haur eta helduentzat, Erromeria Hori Bai euskal-amerikar bandaren zuzeneko musikarekin eta San Juan Sua, San Juan zortzikoa dantzatuz.

Nevadako Elkon, uztailaren 3tik 5era bere 62. National Basque Festival-era iritsiko da Elko Basque Club euskal etxea. Urtero bere euskal festa '4th of July' edo AEBko independentziaren egunetan ospatzen dutenez, aurten AEBk 250 urte betetzen dituela-eta, bereziki ospatuko dute. Ekitaldietako asko Euskal Etxearen egoitza eta kanpoalde eta berdegune zabaletan egingo dira, ostiralean herri kirolak, dantza erakustaldiak eta festarekin; igandean, golf zelaian golf txapelketa, arratsaldean zuzeneko musika Amerikanuak eta Mercedes Mendiverekin, tartea suziriak ikusi eta AEBak ohoratzeko, eta ondoren dantza eta festarekin segitzeko. Igandean, pilota partidak Udal Frontoian, meza, txapelketak (ogi-egite, irrintzi, jota, zahato, txingak..), bildoski barbakoa bazkariaren ostean...

Asteburu berean, uztailaren 3tik 5era, baina mila bat kilometro hego-mendebaldera autoz, 80 urte beteko ditu 1946an (Southern California Eskualdun Club izenarekin jaio zen) Southern California Basque Club euskal etxeak eta karia horretara Chinon antolatuko du bere Piknik eta Urteurren Besta eta bertan egingo da baita ere NABOren 2026ko Biltzar Nagusia. Kasu honetan ekitaldiak, Chinoko Centro Basco euskal ostatu barne eta kanpoaldean izango dira, eta baita ere igandez, herriko Fairgrounds Azokalekuan. Besta hasi aurretik, NABOk bere Urteko Biltzar Nagusia eginen du eta behar da esan NABO Udalekua ere Chinon egingo dela, haurren azken emanaldia larunbatean eskainiz. Programako parte, pilota partidak, Mus Txapelketa, dantzarien emanaldiak, meza euskaraz aita Anttonek emana, txaranga, klika, Amerikanuak banda eta Fresnoko 'Izen Gabe' musika taldea, txapelketak (euskal pastiza, irrintzi, zahato eta beste), klika, zozketak, Amerikanuak banda...


NABO Biltzar Nagusi eta SCBCeko 80 urteurren besta Kaliforniako Chinon

Donostiarekin hiri senidetua den Renok uztailaren 18an, larunbata, egingo du bere 58. urteroko piknika, Zazpiak Bat Basque Club euskal etxea antolatzaile, printzipioz hiriko McKinley Arts and Culture Center aretoan. Euskal Etxeko dantza taldeko kide gazte eta haurrek emanaldia eskainiko dute, familia giroko egunpasan, eta musika eta mus partidak osagai izango dira, euskal janari tradizionala zerbitzaturik. Asteburu berean, baina igandean, uztailaren 19an, Idahoko Gooding-en, herriko euskal piknik festa, Gooding Basque Association euskal etxearen ardurapean, Euskadi Lane izeneko kalean egoitza duen Euskal Etxean. Eguna mezarekin hasiko da, etxeko moduko bazkaria, euskal dantza emanaldiak, enkantea, txinga eta bestelako txapelketak, arratsaldez txorizo salmenta... Eta handik gertu, Boise hiriburu idahotarrean, San Inazio jaiak, aurten abuztuaren 1 eta 2an. San Ignazio Boiseko euskal komunitatearen eta Euzkaldunak EEaren zaindaria da. Festen egoitza, hiriko 'Basque Block' auzoa, bertako kantxa, Euskal Museo eta Euskal Etxea, Gernika Taberna, The Basque Market denda, Leku Ona jatetxe/taberna eta hotela, programa bertako kalean dantzari eta musikariekin, Oinkari, Txantxangorriak, Hori Bai... Txorizo eta janari salmenta, kalimotxoak, San Ignazio meza larunbatean, euskal piknika parkean igandean...

Idahotik mugitu gabe, Mountain Home-k San Inazio ondoko larunbatean, abuztuaren 8an ospatuko du bere euskal jaia, Euskal Lagunak Basque Association euskal etxearen eskutik. Herria zeharkatzen duen trenbidetik hurbil den Euskal Parkean egingo du, bertako berdegune eta pilotalekuan, Bengoechea euskal hotel zaharraren eraikin maiestatikoaren alboan. Bertako 65. Euskal Jaiak ohiko euskal janari saltokiak izango ditu parkean, pilota erakustaldia, haurren eta helduen joko eta jolasak, txingak, musa, euskal dantza emanaldia Oinkariak partaide eta eguna bururatzeko, kale erromeria. Abuztuaren 8an, Nevadako Gardnervillen, herriko Mendiko Euskaldun Cluba antolatzaile duen bertako Euskal Pikinik Besta. Ekitaldiak Minden-eko Civic Centerren. Goizetik, meza euskaraz aita Anttonekin, mus partidak, Borda arrantxuko ardiki erre bazkaria, txapelketak, kantua modu tradizionalean, erromeria eta zuzeneko musika Izen Gabe eta Jean Flesherrekin. Opari, baratxuri salda. Bezperan, afaria, dantza emanaldia eta erromeria, JT euskal ostatuan. Eta igandean, euskal arrantxuetako gosari tradizionala leku berean, bertako eta kanpo euskaldunak bertan.

Abuztuaren 15ean, larunbata, Andre Dena Mariz, Buffalo Wyomingeko Euskaldun Besta, herriko Big Horn Basque Club-ek antolatuta. Buffalo herriburu duen Johnson Countyko Fairgrounds edo Azokagunean. Garai batean bertan nagusi zen artzaintzari lotutako ekimen eta erakustaldiak (ardi harrapaketa gakoekin...), herri kirolak (txingak, sokatira...), mus partidak, landako jolasak (arto lasterketa...), meza euskal apaizarekin, euskal amerikar erromeria Jean Flesherrekin... San Frantziskon, oraingoan Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center antolatzaile, abuztuaren 29 eta 30ean egingo dute Udako Besta deitzen duten sasoiko elkarretaratzea, Europako pilotari eta musikariak, otordu ederrekin, meza, klika, dantzariak, abesbatza eta inguru zabal bateko euskaldunak eta euskaldunen lagunak partaide. Kalifornian hegoalderago, Chinon, Chino Basque Club antolatzaile, irailaren 5 eta 6an izango da euskal festa, larunbatean Centro Basco euskal ostatuan, piknika igandean Fairgrounds azokalekuan, aita Anttonek emandako mezarekin hasiz, dantzari, kantari eta dantzariak edertua, ondoren barbakoa eta txilindron arkumea, emanaldiak, lukainka, zozketa, euskal standak eta musika eta erromeriarekin. Eta, astelehen hori jai izanik, Labour Day, astelehen goizean komunitate osoari deia Centro Bascoren euskal gosari luzean parte hartzeko, adiskideak, giro itzela, musika eta animazioa lagun.

Urrian, data ezin izan dugu baieztatu, baina bere piknika egingo du urtero bezala Nevadan Las Vegasen, bertako Lagun Onak Basque Club euskal etxeak. Hemen ere barbakoa, musika, adiskideak eta giro ederra, eta mus partidak osagai aire zabalean. Eta sasoiko azkena, Kalifornian, Rocklineko Iparreko Ibarra Basque Club euskal etxearen "22. Annual Besta", urriaren 10ean, larunbata, aurten NABO Kantari Egunarekin batera Lincoln-en, bazkaria, bertako eta kanpoko dantzariak, klika, haurren jokoak, mus partidak, txingak, musika eta erromeria... eta NABO Kantari Eguna, partaidetza librekoa, adin guztietako kantari amateurrak euren gogoko kantuak eskaintzen, bertsolariak ere partaide. Eta piknik sasoitik kanpo bada ere, aipatuko dugu, bertsolaritzari lotua, San Frantziskoko euskaldunek bat egingo dutela aurten Xalbador hil zeneko 50. urteurrenarekin. Hura gogoan, Kantari Egunaren bezperan, urriaren 9an "Xalbador - Izana eta Izena" filma eskainiko dute Gure Euskal Etxean eta bertsolari saio berezia egingo 24an, Estatu Batuetako bertsolariekin eta, gonbidatu berezi gisa kantari, Aire Ahizpekin (Xalbadorren bilobak).

Euren data eta programak zehazteke, ez ahaztu baditugula baita ere Seattleko Seattle Euskal Etxearen piknika, Portlandeko Portland Euskal Etxe berriarena eta New Englandeko NEBCen marinel festa. Eta Estatu Batuetan ez badaude ere, NABOn eta Ipar Amerikan dauden Montreal-eko Quebec-eko Euskaldunak euskal etxearena, irailean egin ohi dena, eta Saint Pierre eta Mikeluneko Euskal Etxearena, abuztuaren 15eko aste osoan.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia