Buenos Aires, Argentina. Euzko Argentinar Bazkun Alkartasunak (FEVA) abian jarri du 2026ko trebakuntza egutegia, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean egingo diren bi proposamen nagusirekin. Gazteentzako Tailerra izango da lehena, maiatzaren 23an eta 24an, Guillermo Canut-en gidaritzapean. 18 eta 35 urte arteko gazteei zuzendutako ekimen honetan parte hartzeko, euskal etxeek asteazken honetara arte, maiatzaren 13ra arte, dute euren ordezkariak izenpetzeko epea, secretaria@feva.com.ar helbidera idatzita. Bestalde, haurren arduradunek ere badute hitzordua, Begiraleen Tailerra ekainaren 6an eta 7an egingo bait, Gabriela Mendia koordinatzaile. Kasu honetan, izen-emateak maiatzaren 18ra arte bidali behar dira euskera@feva.com.ar helbidera. Gogoan izan oso, izen-emate guztiak euskal etxeen bidez bideratu behar direla derrigorrez.
Gazteentzako tailerra maiatzaren 23an eta 24an egingo da, izena emateko epea datorren asteazkena, maiatzaren 13a dutela erakundeek. Begiraleentzako tailerra ekainaren 6 eta 7an izango da, izena emateko epe muga datorren astelehena, maiatzaren 18a
Gazteen topaketan gai mardulak jorratuko dituzte: Euskal Herriaren historia, ekarpena munduari eta diasporaren iragana zein etorkizuneko erronkak. Horrez gain, gaur egungo diplomazia mota berriek —politika, ekonomia, kultura edota kirol arlokoek— diasporaren sarean duten lekua aztertuko dute. Munduko beste diaspora batzuen gazte-programak aztergai izateaz gain, Argentinako euskal diasporaren kultura-nortasunetik abiatutako agenda global bat osatzea landuko dute. Bertan, talentuaren mugikortasuna, gizarte-berrikuntza eta gazte ekintzaileen rola bezalako alorrak landuko dituzte. “Hausnarketarako eta ideiak partekatzeko jardunaldi sakonak izango dira, gure gizataldearen etorkizuna diren gazte horien artean nortasuna eta kidetasun sentimentua sustatzeko asmoz”, adierazi dio Guillermo Canutek EuskalKultura.eus-i.
Txikien begiraleei dagokienez, tailerra jada talderen bat martxan duten euskal etxeei dago zuzenduta, dela dantza, euskara, kirola, abesbatza edota sukaldaritza arloetan. Saio hauetan Etxepare Euskal Institutuaren "Txikiekin" materiala erabiliko dute, izan ere, diasporako haurren ikaskuntza bideratzeko tresna baita. Horrekin batera, monitoreen arteko esperientzia trukeak ere tarte berezia izango du. Urteko bigarren seihilekoari begira, haurren agenda irailaren 19an biribilduko da Llavallolgo Euskal Echea ikastetxean; han egingo baita Txikien Topaketa eta Pilota Tailerra, 12 urtera arteko neska-mutilak euskal kultura eta kirolaren inguruan elkartzeko.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


