Reno, Nevada, AEB. Emanaldiak joan den ostegunean hasi ziren New Yorken, Euskadiren Estatu Batuetarako eta Kanadarako Ordezkaritzaren eskutik, Asier Altuna zuzendaria eta Kirmen Uribe idazlea —filma egun NYen bizi den egile ondarroarraren 'Elkarrekin esnatzeko ordua'n dago oinarrituta— partaide izan zituen ekitaldi batean New York Unibertsitatean. Conchi Aranguren ordezkariak eman zien ongi etorria bertaratutakoei eta filma pantailatu eta gero Euskal Herritik aurkezpen-bira honetarako propio etorritako Altunak publikoaren galderei erantzun zien James D. Fernandez irakaslea moderatzaile. Zinema-lana, birako gainerako emanaldietan bezala, bere jatorrizko bertsioan eskaini zen, ingelesezko azpitituluz. Biharamunean, ostirala, maiatzaren 8an, Washingtongo Georgetown Unibertsitatean eman zen. Ondoren, filmak Mendebaldeko kosterako jauzia eman eta, Altuna zuzendaria eta Txintxua ekoiztetxeko Marian Fernandez Pascal ekoizlea partaide hainbat euskal komunitatetan eskainiko da.
San Frantziskoko Basque Cultural Center edo Gure Euskal Etxea eta Txintxua ekoiztetxe donostiarrak antolatutako bira da hau, Etxepare Euskal Institutua laguntzaile. Saio bakoitzean filma aurkeztu, pantailaratu eta bertaratutakoen esanetara erantzungo dituzte galderak Euskal Herritik etorritako bere arduradunek. Hona orotara, kostalde batean zein bestean, emango duten lekuen zerrenda:
- Maiatzaren 7an, New Yorken, New York University-n, Espacio de Culturas-en, 17:30ean
- Maiatzaren 8an, Washington DCn, Georgetown University, HFSC New South Film Screening Classroom-en (Room 156), 18:00etan
- Maiatzaren 9an, Buffalo Wyoming-en, Buffalo Theater, 235 S Main St. [saio honetan ez da Asier Altuna egongo] Big Horn Basque Club
- Maiatzaren 11an, Reno Nevadan, Craft Wine & Beer, 22 Martin Street, 17:30ean University of Nevada, Reno
- Maiatzaren 12an, Gardnerville, Nevadan, Carson Valley Museum and Cultural Center, 18etan, Mendiko Euskaldun Cluba
- Maiatzaren 15ean, South San Frantzisko, 19:30ean, harrera-ekitaldiarekin batera, BEO Basque Educational Organization eta Basque Cultural Center
- Maiatzaren 16an, Ontario, Oregon, bertako Ontario Basque Club-en egoitzan, 18:30ean
- Maiatzaren 17an, Gooding, Idahon, Gooding Basque Associationen egoitzan, 18:00etan
- Maiatzaren 19an, Boise, Idaho, Euskal Etxean, Basque Museum & Cultural Center-ekin, 18:00etan
- Maiatzaren 21ean, Chino, Kalifornia, Chino Basque Club euskal etxearen egoitzan, 18:00etan
- Maiatzaren 22an, Bakersfield, Kalifornia, The Doré Theatre, 16:30ean, California State University Bakersfield (CSUB)
- Maiatzaren 31ean, Seattle, Washington-en, Lowdown Ballroom, 14:00etan, Seattle Euskal Etxea

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


