euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Guernica' Maipúren bihotzean: Oroimena eta bakearekiko konpromiso eta pedagogia Anaitasunaren 50. urteurrenean

2026/05/12

Picassoren `Guernica' murala maiatzaren 3an inauguratu zen, Maipuko Anaitasuna Euskal Etxearen 50. urteurrenean. Inaugurazio ekitaldian, herritarrak, bazkideak, ikurrina eta Argentinako bandera, bertan
Picassoren `Guernica' murala maiatzaren 3an inauguratu zen, Maipuko Anaitasuna Euskal Etxearen 50. urteurrenean. Inaugurazio ekitaldian, herritarrak, bazkideak, ikurrina eta Argentinako bandera, bertan

PUBLIZITATEA

Maipú, Argentina. Gernikako Bonbardaketaren 89. urteurrenarekin batera, oroimena eta bakea ardatz dituen murala estreinatu behar zuten Maipún joan den apirilaren 26an. Eguraldi txarrak, ordea, ekitaldia astebete atzeratzera behartu zuen. Hala, ondoko iganean, maiatzaren 3an, Anaitasuna Euskal Etxeak Picassoren 'Guernica' ospetsuaren erreprodukzioa aurkeztu zien herritarrei. Bonbardaketaren oroigarri betirakoa bihurtu den lan hau, 26 de Septiembre igarobidearen eta Alsina kalearen arteko plazan dago ikusgai, Inmigranteen Monumentutik oso gertu.

Ekimena Anaitasuna Euskal Etxearen 50. urteurreneko ospakizunen baitan gauzatu da, Udalarekin elkarlanean. Euskal Etxeko dantzari txiki baten aita den Esteban Dufur artista plastikoak egin du erreprodukzioa, 2,40 x 2 metroko neurrian. Dufurren hitzetan, "lana erronka tekniko handia izan da, eta pertsonalki oso hunkigarria. Tamainaren ondorioz xehetasun batzuk bidean galdu diren arren, jatorrizkoari ahalik eta gehien lotzen saiatu gara, mezuak ukigabe bere horretan iraun zezan".

 
Muralaren prozesua. Esteban Dufur lanean eta, azken irudian, bere alaba, Alicia Ithurrart lehendakaria eta Florencia Etcheverryrekin

Proiektuak garrantzi handia eman dio arlo pedagogikoari ere. Muralaren ondoan, QR kodea duen plaka metaliko bat jarri dute, bisitatzen diren oinezkoek informazioa eta testuingurua jaso dezaten margolanaz, gertakari historikoaz eta erreprodukzioari buruz. Gainera, ekimenak ikasgeletara ere egin du salto, eskoletarako propio prestatu den koaderno didaktiko baten bidez. Honela, Euskal Etxearen eta herritarren arteko lotura indartu nahi izan dute.

Anaitasunako idazkari eta proiektuaren bultzatzaile Florencia Etcheverryk azaldu duenez, hasierako helburua ikur unibertsal hau "kalera ateratzea" izan zen, eta herritar guztien eskura jartzea: "Maipúko komunitate osoak Guernica ezagutzea nahi genuen, euskaldunontzat ez ezik, mundu osoarentzat baita ikur. Bakearen kulturari egindako ekarpen bizia izan nahi du muralak". Laburbilduz, Anaitasuna Euskal Etxeak bere herriari utzitako ondarea da, artea, oroimen kolektiboari bizirik eusteko ezinbesteko tresna dela gogoraraziz.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia