euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gernikako Bonbardaketari buruzko Erakusketarekin itxiko du Euzko Etxeak sarraskiaren 75. urteurrena

2013/04/26

Gernikako Bonbardaketari buruzko Erakusketan parte hartzeko gonbitea
Gernikako Bonbardaketari buruzko Erakusketan parte hartzeko gonbitea

PUBLIZITATEA

Bonbardaketaren urteurren berri baten aste berean, La Platako Euzko Etxea-ra iritsiko da Jaurlaritzak eta Gernikako Bakearen Museoak sustatutako Erakusketa Ibiltaria, urtebeteko itinerazioa eginik. Inaugurazioa gaur, 26an bertan eta maiatzaren 1era arte bisitatu ahal izango da Islas Malvinas Kultur Gunean. Bihar gaiari buruzko hitzaldia eta asteartean zine-eztabaida ere bilduko ditu. Berri honekin batera, aurten euskal etxeak garatuko dituen ekintzen egitaraua ere plazaratu da. Ez ahaztu uholdeen tupusteko kolpe izugarria jaso ondoren, La Platako egoiliarrak eta Euzko Etxea bezalako elkarte eta auzoak gogor ari direla egoera normala berreskuratzeko ahaleginean. Euzko Etxeak igandean egingo du Urteroko Batzar Nagusia.

La Plata, Argentina. Aire-armada naziko hegazkinek Gernika erasotu eta herria birrindu zutenetik 75 urte bete ziren iazko apirilaren 26an. Urtemuga zela eta Eusko Jaurlaritzak eta Gernikako Bakearen Museoak sortutako erakusketa berezi bat inauguratu zen egun hartan mundu osoko hainbat herri eta hiritan, eta bakearen aldeko mezu bat zabaltzeko asmoarekin. Orain 75. urtemuga urteari amaiera emateko Erakusketa Ibiltaria La Plata hirian ikusi ahal izango da gaur ostiraletik aurrera.

Gernikako Bonbardaketaren 75. Urteurrenari buruzko Erakusketa hiriko Islas Malvinas Kultur Gunean -19. eta 51. etorbideetan- egongo da ikusgai maiatzaren 1era arte, goizeko 10etatik gaueko 10etara, guneko erabilera anitzeko aretoan. Inaugurazio ekitaldia, 26an bertan izango da 7:30etan eta hurrengo egunetako programa hauxe da:

-Larunbat 27an, 6:30etan, Gernikako Bonbardaketari buruzko hitzaldia, Asier Luzarraga Garbisu hizlari
-Astearte 30ean, 6:30etan, Zine-eztabaida, Bonbardaketarekin lotura duten filmekin.

Uholdeen ostean, betiko martxa

Bere historiako uholderik larriena pairatu zuen La Platak apirilaren 2ko ekaitz gogorraren ondorioz. Eragin zituen hildakoez gain, kalte materialak ekarri eta hiriaren eguneroko bizitza ere aldatu zuen, euskal etxea egoera honetatik kanpo geratu ez zela.

Denbora aurrera doan ahala, bere onera bueltatzen ari da hiria ohiko mugimendura. Euskal elkarteak biziki eskertzen ditu jasotako elkartasun adierazpen guztiak, gainerako euskal etxeetatik zein Euskal Herritik ere. Normaltasun horretara iritsi nahian, Euzko Etxeak aurtengo eekintzen egitaraua aurkeztu eta urteroko ekintza gehienak abian jarri nahi izan ditu.

Kirolei dagokienez, Euzko Etxetik jakinarazi dute Emakumezkoen Hockey Eskolak astearte eta ostegun arratsaldean ematen direla, 5:30etan. Klaseak 6 urtetik gorako neskei daude zuzenduta. Gizonentzako proposamena, berriz, kirol-gimnastia da, astearte eta ostegunetan gaueko 9etan.

'Athletic Club de Bilbao' eskolako entrenamenduak ere hasi dira hil honetan. Klaseak euskal etxeko polikiroldegian egiten dira, astelehen, asteazken eta ostiraletan 5:30etatik 8etara. Futbol arloan ere, etxeko Itsuen Futbol Taldea Itsuen Kirol Federazioak antolatuko duen Nazioko Txapelketari begira hasi da entrenatzen. Hitzordua astearte eta ostegunetan da, arratsaldeko ordu 2etan.

Euskal etxeko pilota lekuan ere badago mugimendu handia. Izan ere, martxoaren 15ean lau bikoteren txapelketa burutu zen, Facundo Andreasen eta Rodrigo Aitra, Cristina Ferreras eta Lautaro Dafunccio, Nicolas Bruzzese eta Felipe Recio, eta Juan Blas Rifourcat eta Andres Rabas Acuña pilotariak partaide.

Dantzak eta euskara

Edade guztientzako dantza klaseak larunbatetan gauzatzen dira Euzko Etxea-ko egoitzan. Gazteen ‘Denak Bat’ taldeko kideak iluntzeko 7:30etan elkartzen dira; txikiak (5 urte artekoak) 5etan, ertainekoak (6 eta 15 urte artekoak) arratsaldeko 6etan, eta ‘Zaharrak’ taldekoak (30 urtetik gorakoak) 6:30etan. Parte hartzeko interesa dutenek ordutegi honetan egoitzara hurbiltzea baino ez dute.

Musikarekin jarraituz, Abesbatzak asteazkenetan entseatzen du: txikiek 6etan eta helduek 7etan.

Euskarak ere badu leku interesgarria Euzko Etxearen 2013ko ekintzen egitarauan. Izan ere, ‘Euskara Landu Cortazar Euskaratzen’ euskara idatzia lantzeko lau elkarretaratzeko tailer bat egiten ari da La Platako erakundean, EuskalKulturak garaiz jakin arazi bezala, Asier Luzarraga Garbisuren eskutik. Elkarretaratzeak ostiraletan dira (geratzen diren biak maiatzaren 3an eta 10ean) 6:30etan, Euzko Etxearen egoitzan.

Euskara ohiko klaseak ere jarri dira martxan apirilean. Oinarrizko maila astelehenetan emango da arratsaldeko 5etatik 7etara. Eta euskal gaiei buruzko testuak kontsultatu nahi dutenentzat, “Matxin Burdin” liburutegiaren arreta-ordutegia asteazken eta ostiraletan arratsaldeko 6etatik 9etara da.

Urteko Batzar Nagusia, igande honetan

Bukatzeko, Euzko Etxea euskal etxeko arduradunek erakundeko Urteko Ohiko Batzarrean parte hartzeko gonbitea luzatzen diote komunitateari. Hitzordua datorren igandean, apirilaren 28an, izango da, iluntzeko 7etan. Informazio gehiago eskuratzeko: 457-1638 telefono zenbakira deitu edo secretaria@cvascolaplata.org.ar helbidera idatzi.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia