euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Akordioa sinatu dute Uruguaiko Floresko I. Euskal Astean, euskal etxeak herriko frontoia har dezan

2011/04/12

Estaban Fagalde, Floresko Euskal Etxeko presidentea, eta Castaingdebat Intendentea, hitzarmenaren sinadura ekitaldian (argazkia FloresEE)
Estaban Fagalde, Floresko Euskal Etxeko presidentea, eta Castaingdebat Intendentea, hitzarmenaren sinadura ekitaldian (argazkia FloresEE)

PUBLIZITATEA

Floresko Euskal Etxeak Uruguaiko Trinidad herriko frontoia eraberritu eta pilota sustatzeko akordioa sinatu zuen joan den asteartean, elkarteak antolatutako lehendabiziko Euskal Astearen ekitaldien artean. Etorkizunean komunitate osoari irekia egongo den frontoia kudeatuko du euskal elkarteak. Hitzarmen sinadura honez gain, I. Euskal Astean jarduera ugari izan ziren, hala nola, pilota txapelketak, erreki lehiaketak, gastronomi dastaketa bat, erakusketak eta liburu aurkezpena bat.

Trinidad, Uruguai. Floresko Euskal Etxearen 1go Euskal Astea iragan igandean bukatu zen eta antolatzaileak pozik agertu dira, batetik, ekimenak bildu duen jendetzarengatik, eta, bestetik, inguru zabal bateko komunikabideetan lortu duen oihartzunarengatik. Astean zehar euskaldunek jarduera ugari egin zituzten: kultur ekimena, kirol txapelketak, gastronomi dastaketak...

Etorkizunari begira garrantzi handia izango duen ekimenetako bat Euskal Etxeak Floresko Intendentziarekin sinatu zuen hitzarmena izan da. Hitzarmen honen bidez Euskal Etxea Trinidadeko Parque del Centenario-ko frontoiaren kargu egin eta frontoi berri bat eraikitzeko ardura hartuko du, eta Euskal Etxearentzako egoitza bat ere egingo du lur sail honetan. Euskal Etxearen presidenteak, Esteban Fagaldek, eta Armando Castaingdebat Intendenteak sinatu zuten hitzarmena. Orain, Departamentuko Batzordeak baiezkoa ematea baino ez da behar ekimena abian jartzeko.

Frontoi irekia

Esteban Fagaldek azaldu duenez, nahiz eta Euskal Etxeak kudeatuko duen frontoia, horrek ez du esan nahi elkarteko kideentzat bakarrik izango denik, aitzitik, "orain arte erabili duten pilotazale guztiek erabili ahal izango dute, baina oraingoa baino egoera hobean". Berritze planaren barruan bi frontoiak, oraingoa eta eraikiko den berri bat, estaltzeko asmoa dutela esan zuen Fagaldek, proiektuak Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango duela azalduz.

Castaingdebat Intendenteak, bestalde, azpimarratu zuen ekimen honen bidez euskal komunitateak Uruguairi eskaini zien abegikortasunarengatik eskerrak eman eta jasotakoaren zati bat herriari bueltatu nahi diola. Sinadura ekitaldiaren ostean Castaingdebatek eta Fagaldek haritz kimu bat landatu zuten Centenario Parkean.

I Semana Vasca Flores (1)

[Castaingdebat Intendentea (alkatea) eta Esteban Fagalde, Floresko Euskal Etxeko presidentea, haritza landatzen (argazkia FloresEE)]

Kirol arloari dagokionez, aipagarria da pilota txapelketan euskal etxeko ordezkariek lortu zuten emaitza bikaina, garaile izan baitzen pala trinketean Tourreilles eta Unzurrunzaga bikotea, finalean Kepa Leiba eta Ibon Garate bizkaitarrei irabaziz.

Ardo dastaketa eta piknika

Jaiak indartsu jarraitu zuen asteburuan. Larunbatean Ardo eta Euskal Gastronomi Dastaketa egin zen, Uruguaiko eta nazioarteko 15 ardandegi partaide. Igandean 'Sociedad de Fomento de Flores' elkartean egin zen jaiarekin bukatu zen Euskal Astea. Eguna meza batekin abiatu zen. Ondoren erreki lehiaketa egin zen. Jarraian “Historia de los vascos en el Departamento de Flores” liburua aurkeztu zuten. Euskal etxeko kideek ikertu eta argitaratu dute liburu hau. 

I Semana Vasca Flores (6)

[Ardo eta Euskal Gastronomia Dastaketaren irudi bat (argazkia FloresEE)]

 I Semana Vasca Flores (3)

[Meza, igandeko ekitaldi guztiak bezala, elkartearen lorategian egin zuten (argazkia FloresEE)]

Eguerdian bazkari 'criolloa' zerbitzatu zuten partehartzaileentzat eta bazkalostean dantza erakustaldia eskaini zuen Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeko taldeak. Pilota eta Erreki lehiaketaren sari banaketarekin bukatu zen 'Floresko lehendabiziko Euskal Astea'.

 I Semana Vasca Flores (5)

[Sari banaketaren une bat (argazkia FloresEE)]




« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia