euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak bi euskal etxe berri onartu zituen atzo, Brasilgo Brasilian, eta Uruguaiko Floresen

2011/02/09

Flores-ko Euskal Etxe orain onartua sortu eta gauzatzeko deia egin zuen taldea (argazkia EcosRegionales)
Flores-ko Euskal Etxe orain onartua sortu eta gauzatzeko deia egin zuen taldea (argazkia EcosRegionales)

PUBLIZITATEA

Bi euskal etxe berri onartu zituen atzoko Gobernu Bilkuran Eusko Jaurlaritzak aurrerantzean euskal etxeen munduko erregistroan sartzeko. Latinoamerikakoak dira biak, Brasilgo Brasilia hiriburuko Eusko-Brasildar Etxea, lehena; eta bigarrena, berriz, Uruguaikoa, Flores departamenduko Euskal Etxea. Honekin, hiru dira dagoeneko Brasilen onartuta dauden euskal etxeak, eta hamar Uruguaikoak.

Vitoria-Gasteiz. Denbora gutxian euskal etxe bat izatetik hirura pasatu da Brasil, eta Uruguain ere etengabe doaz hazten euskal etxeak, izan ere munduan euskal arrasto eta presentzia historiko handiena daukaten herrietakoa baita Uruguai; hamar euskal etxe dira dagoeneko bertan legez onartuta daudenak.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Bilkurak Brasilia DFko 'Eusko-Brasildar Etxea' onartzea erabaki zuen atzo, eta baita Uruguaiko Flores-eko Euskal Etxea ere (ez nahasi azken hau Argentinako Las Flores-eko 'Loretako Euskaldunak' Euskal Etxearekin).

Brasiliako Euskal Etxea euskal etxe berria da, gero eta euskal enpresa eta gazte profesional gehiago biltzen ari den Brasil herrialde hazkorrean. Trinidad hiriburu duen Flores departamendu uruguaitarrean, aldiz, euskal presentzia historikoa da eta euskal abizenak nonahi topa daitezke bertako biztanleen artean.

Bi euskal etxeok legeztatzeko azken pausoa, onarpena EHAA edo buletin ofizialean argitaratuta agertzea da eta hori aste honetan bertan gertatzea espero da. Horren ondoren, bi euskal etxeak ahal izango dute parte hartu Eusko Jaurlaritzak euskal etxe erregistratuentzat dauzkan deialdietan. Indarrean dagoen deialdiak, hilabete honen 28a dauka eskabideak aurkezteko azken epea, beraz, garaiz dabiltza, hala nahi badute, bi euskal etxe berriak.



Komentarioak

  • Zorionak!

    Besarkada bero bat São Paulotik. Bidali berriak! Karol Salazar

    Karol Salazar, Euskara arduraduna, Eusko-Brasildar Etxea - São Paulo, 2011/02/09 23:04

  • Zorionak!

    Zorionak! Nik uste dut guk ahal dugu lan egin elkarrekin! Besarkada bero bat. Oskar Goitia, São Paulotik

    Oskar Goitia, Eusko Brasildar Etxea Lendakaria, 2011/02/09 23:02

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia