euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bilera baterako deia egin dute ostiral honetarako Uruguaiko Floresen, bertan Euskal Etxea birsortzeko

2010/07/15

Euskal Herriko argazki erakusketa Floresko Gizataldeen Lehenengo Elkarretaratzearen baitan (argazkia Ecos Regionales)
Euskal Herriko argazki erakusketa Floresko Gizataldeen Lehenengo Elkarretaratzearen baitan (argazkia Ecos Regionales)

PUBLIZITATEA

Uruguain, Flores departamentuan, bertako euskal jatorridun talde batek bilera baterako deia egin du ostiral honetarako, uztailaren 16rako, garai batean eskualdean indarra izan zuen eta aktibotasun handiz jardun zuen Floresko Euskal Etxea birsortu eta berrabiatzeko. Uruguai osoan bertako biztanleen artean euskal jatorridun portzentaia altuenetakoa duen departamentua da Flores, bizilagunen %30a euskaldunen ondorengoa baita. Zabaldutako mezuak dei egiten die interesatuei ostiraleko arratsaldeko seietan Maiteren Kintxoan biltzeko, euskal iragan aberatsari geroa ere gisa horretakoa ematearren.

Trinidad, Uruguai. Euskal Etxea berriro ere aktibotasunera ekarri eta indar berriz segida eman nahi dion taldeak Flores departamentuko euskal jatorridun guztiei helarazi nahi die deia, guztion beharra izango baitu elkarte eraberrituak berriro ere gizatalde edo koletibitate antolatu gisa sendotu eta bertako bizimoduan modu antolatuan parte hartzen segitzeko, 1991ean sortu eta geroago apaldu zen Floresko Euskal Etxeak zenbait urtez egin bezala.

Floreskoa Uruguai osoan euskal jatorridun kopururik altuenetakoa duen departamentua izanik --altuena, Floridako Sarandi Grande-rekin batera-- ekimen honen helburua euskaldunak dagokien eta bertako iraganean izan duten eta ahaleginez eraiki duten lekua sendo atxikitzea finkatu dute deia egin dutenek. Halaxe gertatzen da herrialdeko beste leku batzuetan, euskal etxe azkarrak eraikitzea lortu baitute, adierazi dute.

Deia, bihar ostiralez arratsaldeko seietan Maiteren Kintxoan biltzeko da, urrats sendoz berrabiatzeko Floresko Euskal Etxea, besteak beste Elvira Kortajarena Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Euskadiko Ordezkariak agindutako sostenguak eta animoak lagunduta.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia