euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan' argazki erakusketak segitzen du Argentinako euskal etxeetan ibiltari

2009/08/03

'Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan' argazki erakusketaren liburuxka
'Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan' argazki erakusketaren liburuxka

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak, Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak (FEVA) eta Ipar Ameriketako Euskal Erakundeen Elkarteak(NABO), Herri Musikaren Txokoarekin batera antolatutako 'Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan' argazki erakusketa Argentinako euskal etxe askotan ikusi ahal izan da azken bolada honetan eta halaxe jarraituko du, ibiltari, 2009. urteko gainerakoan, hasteko. Euskal musika-tresna tradizionalak zabaltzeko asmoa duen ekimen honek, Argentinaz gain, Andorra, Brasil, Kanada, Estatu Batuak, Txile, Kuba, Espainia, Frantzia, Uruguai eta Venezuela bisitatuko ditu. Mikel Arrazolaren berrogeita hemeretzi argazkik osatzen dute, eta soinu-tresnak eta soinu-joleak ez ezik, musikaren ingurua eta giroa ere islatzen ditu.

Buenos Aires, Argentina. Euskal etxeak dauden herrialde eta komunitateetan euskal kulturarekiko ezagutza areagotzea eta bide batez euskal etxeak Euskal Herriko kulturaren erreferente gisa bultzatzea ditu helburu une honetan Argentinako lurretan ibiltari ari den argazki erakusketa honek. Argentinan, hain zuzen ere, FEVA izan da antolakuntzaz arduratu den erakundea eta ahalik eta hiri gehienetara heltzeko, hemeretzi barrutitan banatu dute herrialdea, hemeretzi hiri-multzo hauek sortuz:

1) Corpus Christi (Misiones), Posadas (Misiones) eta Chaco
2) Córdoba, Villa María eta Río Cuarto
3) Villa Mercedes, Merlo eta San Luis
4) Urrundik (Paraná), Santa Fe, Ibai Guren (Paraná), Concordia
5) Rosario, San Nicolás eta Concepción del Uruguay
6) Santa Cruz eta Comodoro Rivadavia
7) Viedma, Trelew eta Gral. Roca
8) Pergamino, Arrecifes, Chacabuco, Junín, Suipacha, Chivilcoy eta Bragado
9) Laurak Bat, Juan de Garay Fundazioa, Euskal Echea, Lomas de Zamora
10) Eusketxe, José C. Paz/Gral. Rodríguez, Euskaltzaleak, Iparralde EE-CVF
11) Cañuelas, Saladillo eta Las Flores
12) Azul, Laprida, Gral. La Madrid eta Cnel. Pringles
13) Chascomús, Castelli, Dolores eta Magdalena
14) Mar del Plata, Necochea, Balcarce eta Tres Arroyos
15) Bahía Blanca, Cnel. Dorrego eta Río Colorado
16) Santa Rosa, Macachín, Gral. Achaeta Gral. Pico
17) Pehuajó, Bolívar, Gral. Villegas, Trenque Lauquen, C. Casares, 9 Julio
18) Ayacucho, Maipú eta Rauch
19) Mendoza, San Juan eta Gral. Alvear.

FEVAk hiri-talde bakoitzari erakusketaren kopia bat bidali dio norberak beren ibilbidea programatzeko. Mikel Arrazola argazkilariak egindako argazki hauen bidez, Euskal Herriko herri kulturako osagai garrantzitsuetako bat dena, musika, alegia, ezagut daiteke. Euskal musika herrikoian aditu den Juan Mari Beltranek argazkiei laguntzen dien testuetan agertzen duenez, alabaina, 'soinu-tresna bera bakarrik, objektu ederra izan daiteke, egitura konplexua eta esanguratsua eduki dezake, baina horrez gain ez da ezer, ez du bizitasunik. Joleak ematen dio bizia'. 'Bestalde, soinu-tresna eta soinu-joleek musika eman dezakete, baina hori norbaitek, nonbait, noizbait eman beharko dio, bestela ez luke zentzurik edukiko. Horregatik erakusketan hiru osagai eta alderdi hauek azaltzen dira: soinu-tresnak, soinu-joleak eta musika horren ingurua eta giroak'.

Lotura interesgarriak

Herri Musikaren Txokoa
www.herrimusika.org

FEVA Argentinako Euskal Erakundeen Federazioa
www.fevaonline.org.ar

NABO Ipar Amerikako Euskal Erakundeen Elkartea
www.nabasque.org

 

 

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia