euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Euskal musika tresnak eta baserriak’ erakusketaz ospatu du Comodoro Rivadaviako EEak bere 86. urteurrena

2009/06/17

Asociación Euskal Etxea-ko kideak ‘Euskal musika tresnak eta baserriak’ argazki erakusketan
Asociación Euskal Etxea-ko kideak ‘Euskal musika tresnak eta baserriak’ argazki erakusketan

PUBLIZITATEA

Zenbait ekimenekin ospatu du Patagonian, Chubut probintziako Comodoro Rivadavia hirian, bertako 'Asociación Euskal Echea'k urtebetetze berri bat, 86.a. Batetik, maiatzaren 21etik 26ra bertako CEPTUR aretoan ‘Euskal musika tresnak eta baserriak’ argazki erakusketa eskainiz. Erakusketaren inguruan, bertako ‘Lagun Artean’ abesbatzak, Susana Martinovic gidari, bi kontzertu eman zituen; 'Haize Dantzariak' dantza taldea ere aritu zen, erakusketari bukaera emateko. Horrez gain, Euskal Etxeak EuskalKultura.com-i harro iragarri dionez, aurten euskara talde berri bat ireki da, Lilian Borquez comodorotarra irakasle.

Comodoro Rivadavia, Argentina. 86. urteurrena ospatu du Comodoro Rivadaviako 'Asociación Euskal Echea'k pasa den maiatzean. Data berezi hori bertako komunitatearekin partekatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak bidalitako ‘Euskal musika tresnak eta baserriak’ argazki erakusketa antolatu zuten, bertako CEPURreko instalazioetan. Erakusketaren inaugurazioa maiatzaren 21ean gauzatu zen, Hector Baztanen eskutik. Baztanek, euskal elkartearen urtebetetzeari buruzko hitz batzuk luzatu zizkien bertaratu zirenei eta argazkien esanahia azaldu zuen. Ekitaldi berean, ‘Lagun Artean’ etxeko abesbatzak euskal abesti pot-pourri bat kantatu zuen. Baina hau ez zen koruaren errezital bakarra izan. Hurrengo egunean, beste emanaldi bat eskaini zuten abeslariek, kasu honetan errepertorioa euskarazkoa zein gaztelaniazkoa, esan nahi baita folklore argentinarreko kantak ere kantatu zituzten.

Comodoro euskal abesbatza

[Comodoro Rivadaviako euskal abesbatza]

Igandean, maiatzaren 24an, berriz, dantza taldeen txanda izan zen. ‘Haize Dantzariak’ taldeko dantzariak ekin zieten dantzei. Oscar Mirandak Aurreskua dantzatu ondoren, bertan ziren dantzari guztiek Arin-Arin-eko bi bertsio egin zituzten.  Jarraian eta ikuskizunari bukaera emateko, txikiek, Maite Baztan eta Laura Alvarengo irakasleekin, dantza biribil bat egin zuten. “Pozik gaude jende asko bildu delako”, azaldu zuten antolatzaileek. “Horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu bai Eusko Jaurlaritzari bai Comodoroko Udalari euren laguntzagatik; eta, jakina, euskaldun eta euskaldunen ondorengo guztiei mementu hain garrantzitsu batean gure ondoan egoteagatik”.

comodoroko euskara ikasleak

[Lilian Borquez euskara irakaslea eta bere ikasleetako lau (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskal Etxeko asteko ekintzak

Beste alde batetik, nabarmendu beharra dago euskal etxeak berriro zabaldu duela aurten euskara ikasteko talde bat. Klaseak apirilean hasi dira eta sei lagunek hartzen dute parte. Irakaslea --Lilián Borquez-- comodorotarra da eta Argentinan Euskaraz proiektuan, Nazioarteko Taldeko ikaslea. Klaseak larunbatero arratsaldeko 4etatik 6etara ematen ditu. EEko abesbatza ere astero elkartzen da entseatzera. Susana Martinovic zuzendariarekin, larunbateetan arratsaldeko 6etatik 8etara biltzen dira abeslariak euskal etxeko egoitzan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia