euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Literatur ekitaldia Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean Leo Gabilondo idazle gaztearen eskutik

2009/08/04

Leo Gabilondo bere liburuaren aurkezpenean
Leo Gabilondo bere liburuaren aurkezpenean

PUBLIZITATEA

Jakina denez, azken bolada honetan Argentinan, A gripe epidemia dela-eta, bilerak eta jende askoren arteko topaketak murriztu egin dira, sarritan guztiz bertan behera geratu arte. Horrek, bistan da, euskal etxeak ere harrapatu ditu. Denbora eta krisialdia pasatu ahala, euskal etxeak ere itzultzen hasi dira betiko errutina eta ekimenetara. Arrecifesen, bertako euskal etxeak ateak ireki dizkio herri bereko Leo Gabilondo idazleari 'El ocaso del caos' (Kaosaren gainbehera) liburuaren aurkezpen ekitaldiari. Idazle gazteak lagun izan du komunitatea, aurkezpena jendez bete baitzen.

Arrecifes, Argentina. El ocaso del caos (Kaosaren gainbehera) izeneko liburuaren aurkezpena joan den uztailaren 18an gauzatu da Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean. Arrecifestarra da Gabilondo eta lehenengo liburu argitaratua du hau. Egileak berak bere buruaz eta liburuaz esan duenez, 'neronek Zelaian, Arrecifesen eta Buenos Aires hiriburuan bizi izandako gertaerak batzen eta islatzen ditu liburu honek. Buenos Airesen bizi naiz orain eta han nire tokia aurkitu dudala sentitzen dut, baina Arrecifesen jaioa naiz eta herriarekin lotura handia daukat'.

Calipso Argitaletxeak argitaratutako liburu honek hamaika ipuin ditu. Istorioak aurkezteko, Leo Gabilondoren euskal etxeko lagunek ere hartu zuten parte aurkezpenean, tartean Maral musika taldeak. Tangoa eta euskal abestiak entzuteko aukera eskaintzeaz gain, idazleak bere ipuin batzuk irakurri eta aktore batzuek antzeztu zituzten.

Gabilondok 24 urte ditu eta bere lehendabiziko liburua da hau. Arrecifeseko komunitateak baietz esan dio gaztearen proposamen kulturalari eta bete-bete egin zuen euskal etxeko taberna.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia