euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskadiren Txileko Ordezkaritzaren inkesta euskal jatorriko lagunen erregistroa osatzeko; bost minututan betetzen da

2026/06/03

"Euskal Diaspora" inkestaren bidez, Txilen zenbat euskal jatorriko pertsona bizi diren zehaztu nahi da
"Euskal Diaspora" inkestaren bidez, Txilen zenbat euskal jatorriko pertsona bizi diren zehaztu nahi da

PUBLIZITATEA

Santiago, Txile. ‘Euskal Diaspora’ izeneko ekimena Euskadiren Txileko Ordezkaritzak sustatzen du, lankide dituela Santiagoko Euzko Etxea, Txileko Euskal Gizataldea, Viña del Marreko Euzko Etxea eta ‘Corporación Vasco Chilena’ elkartea. Bere helburua, jakitea herrialde andetarrean zenbat euskal jatorriko lagun dauden –Euskal Herrian jaioak edo euskal herritarren ondorengoak– eta geografikoki non kokatzen diren; horretarako inkesta labur bat sortu dute, Txilen bizi den euskal arbasodunek erantzun dezaten. Esteka honetan egin daiteke, edo azalean dagoen QR kodea eskaneatuz.

Txileko Euskadiren ordezkari Fernando Márquezek EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “Joan den urteko maiatzean Ordezkaritzan lanean hasi nintzenean, lan taldearekin ohartu ginen ez zegoela datu fidagarririk oinarrizko bi galdera hauei erantzuteko: ‘Euskal jatorriko zenbat pertsona daude Txilen?’, eta ‘Non bizi dira?’. Bi galdera hauek izan ziren ikerketaren abiapuntua. Iaz jarri genuen abian, eta lehenengo fasea nolabaiteko proba izan zen, eta orain sare sozialen bitartez, herritar guztiengana nahi dugu iritsi”, argitzen digu Márquezek.

Inkestaren lehenengo fasea Txileko euskal etxeetako kideen artean egin zen eta 300 erantzun lortzeko aukera emateaz gain, ‘tresna’ aztertu eta hobetzeko ere balio izan zuen. “Orain, sareen bidez, euskal etxeetatik urrun bizi direnengana iritsi nahi dugu —gogora dezagun Txileko hiru euskal etxeak herrialdearen erdigunean daudela—. Era berean, euskal diaspora antolatuan parte hartzen ez dutenen eta azken urteotan ikastera edo lanera etorri diren euskal gazteen profila ere ezagutu nahi dugu”, adierazi digu bere aldetik Ordezkaritzako arduradun instituzionala den Carolina Avilak.

Erroldaren helburua

Datu bilketa bukatuta, Ordezkaritzak eta Eusko Jaurlaritzak Txileko Euskal Diasporaren informazio fidagarriagoa izango dute eskura, ekintzak eta politikak finkiago gauzatzeko. “Erakunde eta enpresa arloez gain, kulturaren sustapenaz ere arduratzen gara Ordezkaritzan eta, esaterako, ekitaldiren bat antolatzerakoan, datu horiek ezinbestekoak dira parte har dezakeen jendea non dagoen jakiteko. Aldi berean, saretuta ez dagoen euskal jatorriko jendearentzat ere izan daiteke aukera ona loturak sortzeko”, baiesten du Márquezek.

Etorkizunari begira eta bigarren fasea bukatzen denean –gutxienez bi urte barru– asmoa da lortutako datuak Txileko euskal gaietan aditu direnen ikerketekin kontrastatzea. “Ateratzen ditugun emaitzen arabera, seguruenik datu batzuk baieztatu ahal izango ditugu, eta informazio berria ere ekarri ahal izango dugu mahai gainera”, gaineratu du. Ikerketaren helburua betetzen bada, antolatzaileek ez dute baztertzen Euskadiren beste Ordezkaritza batzuetan ere ideia erabiltzeko.

- Euskadiren Txileko Ordezkaritza Instagramen, delegacion_euskadi_en_chile



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia