euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal jaialdietan dantzatzeko tailerra hasiko dute bihar Boisen, hiriko Hori Bai! taldearen zuzeneko musikarekin

2026/06/03

Ekaineko ostegunero antolatu dira Boisen euskal dantza tailerrak, dantza sozialak, jauziak, jota eta porrusalda eta gehiago...
Ekaineko ostegunero antolatu dira Boisen euskal dantza tailerrak, dantza sozialak, jauziak, jota eta porrusalda eta gehiago...

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Iazko tailerren arrakastaren ondotik, Estatu Batuetako euskal jaialdi eta erromerietan dantzatzen diren euskal dantza eta doinuak dantzatzen ikasteko, edo ezagutza berritzeko, tailerra antolatu dute Boisen datozen lau asteetan, Hori Bai! euskal-boisetar musika taldearen zuzeneko musika lagun. Lau saio izango dira, ekainaren 4etik hasita, ostegunero, ekainaren 11, 18 eta 25ean, urteroko euskal jaialdien sasoiaren hasiera honetan, Estatu Batuetako mendebalde osoan barreiatzen diren festei behar bezala ekiteko. Guztia doan. Ikus hemen sasoiaren programari buruzko artikulua.

Tailerrak Boise erdiguneko Basque Block-aren ondoan den Kaixo Corner plazan emango dira, aire zabalean, eta bi lehenengo saioetan (ekainaren 4an eta 11an) dantza sozialak irakatsi eta praktikatuko dituzte. Ekainaren 18an, berriz, jauzi eta dantza biribilen txanda izango da; azkeneko saioa, ekainaren 25ekoa, jota eta porrusaldari eskainiko zaio. Saioak 18etatik 19:30era izango dira eta saio bakoitza independentea izango da, beraz bat galtzen duenak arazorik gabe parte ahal izango du gainerakoetan. Ez da aurreko ezagutzarik behar, soilik ekinean ikastero gogoa.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by hori bai! (@horibaiboise)

Tailer hau Boiseko Hori Bai! euskal musika eta erromeria taldearen eskutik dator, Boiseko Euskal Museoa eta hIriko Parkeak lagun. Gogoratu 2025eko urrira arte euskal amerikar musika talde honek 'Triki Traka Stomp' zuela izena, baina izena konplikatuegia suertatzen zelako hainbatentzat, taldeak izena aldatzea erabaki zuen eta honela bilakatu zen egungo Hori Bai!, egiten duen musikak bere horretan segitzen duela, amerikar euskaldun. Euren 20etan eta 30etan dauden gazte euskal-amerikarrek osatua, taldeko zenbaitek euskara mintzo dute eta guztiak engaiamendu sakonekoak dira euskal kulturarekin, musikaz gain alor gehiagotan.

Hori bai!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia