Buenos Aires, Argentina. Buenos Airesko Nafar Etxeak kultur topaketa bero bati eman zion abegia joan den ostiralean, maiatzaren 29an, Etxeko presidente Daniel Remondegui hizlari. "Entre montañas y peregrinos: El Camino de Santiago en Navarra" (Mendi eta erromes artean: Donejakue Bidea nagfarroan) izenburupean, bere erromes esperientzia partekatu zuen. Hizlariak duela 14 urte egindako bidea berregin zuen, bere argazki-erregistroan eta familiako pasadizo zein kontakizunetan oinarrituta, zorroztasun historikoari muzin egin gabe. Publikoak gogotsu parte hartu zuen, galderak eta bizipen propioak ekarriz. Ezinbestean, gaualdia Santiago apostoluaren irudiaren eta ibilbidearen Erdi Aroko jatorriaren testuingurua azalduz hasi zen. Izan ere, IX. mendean haren ustezko hilobia aurkitu zutenetik, bide honek milaka ibiltari erakartzen jarraitzen du urtero.
Nafar Etxeko lehendakariak proposatutako ibilbidea Donibane Garazin hasi zen, Napoleonen tropek Pirinioetara bidean egindako urrats historikoei jarraituz. Lehen zati honetan, narrazioak monumentu-mugarriak eta euskal paisaiaren eguneroko irudiak tartekatu zituen; alde batetik, I. mendeko Urkuluko dorre zirkularra eta artzain zein erromesen babesle den Biakorriko Ama Birjina, eta, bestetik, goi-mendiko egunsenti ederrak eta latxa ardi enblematikoaren presentzia. Orreagara iristean, ezinbesteko aipamenak egin zizkion Errolani, Antso VII.a Azkarraren hilobiaren balio historikoari eta Navas de Tolosako kate ospetsuei, baina baita eskualdeko dimentsio mitologikoari eta Basajaun bezalako herri-irudiei ere.
Daniel Remondegui Donejakue bidea egiten, Bizkarreta-Gerendiain atzean duela
Ibilbide birtualak Auritzera eraman zituen entzuleak, Ernest Hemingway idazlearen egonaldiei estuki loturiko herrira. Bertan, Remondeguik kronika eten zuen berarentzat berezia den istorio bat azaltzeko: senide baten kontakizunari esker, idazle estatubatuarrak herriko ostatuko pianoan bere sinadura zizelkatu zuela jakin zuen. Hizlariak berak gertaera egiaztatu eta argazkia ateratzeko aukera izan zuen, hango langile bat harri-araziz, honek erabat ezagutzen ez zuen kontua baitzen. Pasadizo honen ostean, kontakizunak Sorginaritzagako basoaren mistizismoa berreskuratu zuen, antzinako akelarreen eszenatoki, ondoren Aurizberriko hilerriko estela multzorantz, Bizkarreta-Gerendiain, Mezkiritz eta Zubirirantz jotzeko, Arga ibaiaren gaineko Zubiriko zubi entzutetsuarekin, Iruñera iritsi aurretik.
Aurkezpenaren azken zatiak Frantses Bidearen laugarren etapari heldu zion, hiriburua eta ibilbideko lehenengo hiri nagusia atzean utzi ondoren. Ibilbideak Zarikiegi, Uterga, Muruzabal eta Obanosko Erdi Aroko hiriguneak lotu zituen, Garesen formalki amaitzeko. Bideen elkargune enblematiko honetan, bosgarren etapa hasi aurretik, Remondeguik kronika xehe, atsegin eta oso txalotua borobildu zuen. Finean, Donejakue Bidea erromes bakoitzari ezusteko aurkikuntza gogoangarrien bidez nola agertzen zaion erakutsi zuen.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


