Donostia-San Sebastián. Urte berria hemen da eta berarekin batera AEK Koordinakundeak Euskal Herrian barrena bi urtean behin antolatzen duen euskararen aldeko ekitaldi oihartzuntsu eta parte-hartzaileena, Korrika, bere 24. edizioan. 2026an martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik (Zuberoa) eta Bilbon (Bizkaia) bukatuko, martxoaren 29an. Hamaika egunetan –eta gauetan– zehar, bi mila kilometro baino gehiago egingo dituzte korrikalariek, lekukoa eskuan, Euskal Herriko zazpi lurraldeak lotuz "uskara gara’ lelopean. 2026ko Korrikako omendua Errigora Elkartea izango da.
Ekimenean parte hartzeko gonbitea ez zaie egiten, baina, Pirineoen magaleko Euskal Herrian bizi diren euskaldunei soilik. Izan ere, munduko euskal etxeek, elkarteek eta unibertsitateetako irakurletzako ikasleek eta irakasleek ere parte har dezakete, baita hala nahi duten euskaldun eta euskaltzale guztiek ere, orain arte edizioz edizio egin izan duten bezala. Euren Korrikak, Korrika txikiak, kultur jarduerak, topaketak-eta antola ditzateke. Korrika era askotan gauzatzen da mundu osoko euskaldun eta euskaltzaleei esker, tokian tokiko ezaugarriei egokituta. Prest zaude, irakurle, Diasporako zeure euskal etxe edo euskal inguruan proposatzeko?

23. Korrikaren munduko mapa
Euskal Herritik kanpo Korrikarekin bat egiteko, AEK-rekin jarri behar da kontaktuan korrika-munduan@korrika.eus helbidean eta antolatzaileek helaraziko dizute informazioa, petoak eta dagokizun materialak partaidetza hori ahal eta hobeki gara dadin. Hori bai, biziki eskertzen dute kontaktu hori lehenbailehen gerta dadin, planak eta egin beharreko bidalketak ere garaiz eta garantia guztiekin egin daitezen. Koordinakundeak jakinarazi duenez, azkeneko Korrika, Euskal Herriaz aparte, bost kontinenteetako 45 hiritara ere iritsi zen.
‘Xiberutikan Mendebaldera’ kanta
‘Zetak’ proiektuarekin urte emankorra bizi izan duen Pello Reparaz kantaria arduratu da 24. Korrikaren abestia egiteaz. Kantaren bideoa ere egin du musikari nafarrak eta berearekin batera Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorenaren presentzia eta partaidetza bildu ditu. ‘Xiberutikan Mendebaldera’ du izena kantak eta Euskal Herriko hainbat leku, topiko eta kultur erreferente aipatzen ditu. Hauxe da bideoa:
‘Xiberutikan Mendebaldera’ 24. Korrikaren adierazgarri den kanta

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



