Donostia-San Sebastián. Urte Berri On, irakurle. Beste urte bat utzi dugu atzean, eta hemen dugun 2026an, EuskalKultura gure proiektu honek 25 urte beteko ditu online. Saiatuko gara batera ala bestera ospatzen, ez baita marka makala, gure inguruan gurea baino askoz handiagoak ziren proiektuak hondoratzen ikusi ditugunean. Militantziaren balioa eta indarra izango da, aldi berean ahulezia eta indarra den militantzia. Izan ere, 25 urteak ospatzeko planak baditugu, baina zoritxarrez bitartekorik ez, gauzatzeko. Ikusiko dugu.
Anartean, urtero bezala, urtarrilean ez dugu eguneroko buletina emitituko. Segituko dugu agendarekin eta sare sozialetan idazten, baina eguneroko buletina emititu gabe. Ohi bezala, hilabetea barne lanak egiteko baliatuko dugu, gogoan hartuz munduan aktiboen eta kopurutsuena den gure diaspora, Argentina eta Amerikako Hego Konokoa, uda petoan eta beraz opor garaian sartzen dela, eremu geografiko horretako euskal etxe gehienak, bertako gizarteak bezala, udako atsedenaldian sartuz.
Eguneroko buletinaren ordez, lau aste horietako bakoitzean diasporako aktualitatea komentatzen duen iruzkin bat argitaratuko dugu, gure zuzendariak idatzia.
Eguneroko buletina otsailaren hasierarekin itzuliko da, aurten otsailaren 2a, astelehena. Guk betiko email, sare sozial eta telefonoetan segituko dugu.
Besarkada beroa eta urte pozgarri eta emankorra izan dezazula, irakurle!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


