euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Complutenseko edozein gradutako ikasleek 'Euskera IV' hautatu eta euren graduko kredituengatik konbalida dezakete"

2022/06/15

Karlos Cid Abasolo eta Madrilgo Complutense Unibertsitateko datorren urterako euskal irakasgai eskaintzaren kartela
Karlos Cid Abasolo eta Madrilgo Complutense Unibertsitateko datorren urterako euskal irakasgai eskaintzaren kartela

PUBLIZITATEA

Madril, Espainia. Pozik atzeman dugu Karlos Cid Abasolo, Madrilgo euskara eta euskal kulturaren munduan aspaldidanik erreferente den gizona. Telefonoaren bestaldean harrapatu dugu, Complutense Unibertsitateko bere bulegoan, Madrilen jaioa izanagatik euskaldun eta euskal idazle eta itzultzaile ere baden irakasle euskaltzale fin eta engaiatua. Eta bai, kontent dagoela baieztatu digu.

— Hala da, eta ezin dut ukatu. Izan ere, Complutense Unibertsitatean, ni nagoen Departamentuaren izenari, azkenean 'Euskara' gehitu diote. Bertan lantzen ditugun jakintzak bost izanik --linguistika, hebreera, arabiera, euskara eta Ekialdeko Asiako hizkuntzak-- orain arte Departamentuaren izen ofizialean jakintza horietako lau baino ez ziren aipatzen, bat isilduta. Ezetz igarri zein.

— Euskara?

— Hori bera. Orain, azkenean, sei urteko tira-bira luzeen ostean, Complutenseko Errektoretzak amore eman eta onartu egin du Departamentuaren izena aldatzea, eta aurrerantzean “Lingüística, Estudios Árabes, Hebreos, Vascos y de Asia Oriental” deituko da, Euskal Ikasketen Arloarekiko bidegabekeria konponduta.

— Izena eta izana elkarren eskutik...

— Bai horixe.

— Zorionak, beraz...

— Eskerrik asko.

— Ikasturte amaieran gaude eta laster hasiko da ikasturte berrirako matrikula epea. Gaur egun lau ikasgai ematen dituzue Complutensean euskarari eta euskal ikasketei lotuak  (Euskera I, Euskera II, Euskera III eta Euskera IV). Baina nabarmendu izan duzu eskaintza hori eta bere abantailak ez direla aski ezagunak unibertsitateko ikasleen, eta bereziki ikasle euskaldunen artean, euren karreretako kredituak lortu baititzakete zuen ikasgairen bat hartuta.

— Aukera interesgarriak eskaintzen ditugula pentsatzen dut, baina arazoak ditugula, bai, horien berri helarazten Complutenseko ikasleei. Ikasturte berriari begira ikasle kopuruari eusteko xedea dugu eta, ahal bada, handitu, edozein gradutako ikasle erdaldunak eta euskaldunak erakarriz. Complutensen ikasle euskaldun asko daude, eta ematen didazuen aukera hau baliatuta haientzat garrantzitsua izan daitekeen informazio bat helarazi nahi diet: edozein gradutako ikasleek izena eman dezaketela 'Euskera IV' irakasgaian beren graduko hautazko irakasgai baten ordez konbalidatzeko eta, bide batez, HABEko B1, B2 edo C1 mailetako azterketak prestatzeko (azterketak Madrilen bertan egingo lituzkete!), tiro bakar batez bi txori hilda.

Bestalde, bada beste albiste garrantzitsu bat gurean: Etxepare Euskal Institutuak hitzarmen berria sinatu du Complutenserekin eta berau medio Euskal Ikasketen Arloak orain arte bezala irakasle bakarra beharrean, bi izango ditu hemendik aurrera. Orain arte neu bakarrik aritu naiz, irakasle titular gisa, eta aurrerantzean 'irakasle lagun' bat ere (asociado, gaztelaniaz) izango da, Etxepare Euskal Institutuak finantzatuta baina Complutenseko irakasle gisa jardunez, eta datorren ikasturtean irakasgai bat eta erdi bere gain hartuta, ematen ditugun lau irakasgai horietarik. Irakasle laguna izateko, nahitaezkoa da beste lantoki batean ere jardutea. Hautatze-prozesuaz Complutense arduratuko da, eta hor badira beraz bi ezberdintasun ohiko lektore-figurarekin alderatuta. Egunotan ari dira irakasle berria hautatzeko prozesuarekin, eta 16an, ostegun honetan bertan, bukatuko da izena emateko epea (ikus hemen).



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia