euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bilboko Gabonetako Azokak Diasporaren lana jarri du balioan, dantza eskolak Aitor Alavaren eskuetan utziz

2025/12/31

Aitor Alava Bilboko Casilda Iturrizar parkean joan den ostiralean, abenduaren 26ko dantza klasean (Argazkia Arriklik)
Aitor Alava Bilboko Casilda Iturrizar parkean joan den ostiralean, abenduaren 26ko dantza klasean (Argazkia Arriklik)

PUBLIZITATEA

Bilbo-Bizkaia. Duela bi hamarkadatik gora Buenos Airesen bizi den Aitor Alava dantzari zuhatzarra, bertan Oihankide Taldeko buru izanik eta euskal dantza irakasle besteak beste Euskal Echea Ikastetxea eta beste zenbait euskal etxe eta elkartetan, baita tango irakasle ere beste erakunde batzuetan, Euskal Herrian da egunotan, Eguberria dela eta atzera etorririk, hemen ere dantza klaseak ematen, bere eskarmentu euskal-argentinarretik. Izan ere, dantzaria partaide da Bilboko Casilda Iturrizar Parkean egiten ari den familia eta umeentzako Gabonetako Azokan, mota askotako proposamenekin, tartean pertsonaia mitologikoak dituen ‘Baso Magikoa’, antzerkia, musika eta sukaldaritza lagun. Eskaintzen diren dantza ikastaldi eta erakustaldiek Aitor daukate irakasle, zuzeneran Buenos Airestik etorrita.

“Bilboko Gabonetako Azokara ‘Txikito’ri esker iritsi naiz", adierazi dio Alavak EuskalKultura.eus-i "Jakina denez, ‘Txikito’ DT Creativos enpresaren proiektua da eta azken urteotan egitasmo interesgarria daramate dantzari buruz, ekarpenekin euskal diasporatik, ni neu partaide. Aurten, beraiek irabazi dute Bilboko Gabonetako Azokaz arduratzeko lizitazioa eta niri deitu zidaten dantzarekin lotuta dauden ekintzak egiteko”, azaldu du zuhatzarrak. Lehenengo eskola abenduaren 26an eman zuen eta datozen egunetan beste bi eskainiko ditu: urtarrilaren 2an, arratsaldeko 6etan; eta urtarrilaren 3an, eguerdiko 12:30ean.


Aitor Alava dantza urratsak irakasten Bilboko Gabonetako Azokan

“Joan den ostiralean oso eguraldi ‘bilbotarra’ izan genuen”, adierazi du Aitorrek, umore apur batez, Azokak 'jasan' zuen zirimiri ‘zaparrada’ deskribatzeko. “Eguraldi kaskarra izan arren jende ugari hurbildu zen eta batez ere txikiek hartu zuten parte dantza eskolan. Prestatuta neukan klasea eman nien, adin horri egokituta. Ostiral honetan, berriz, dantza plazan eskarmentu handia duten neska-mutilak etorriko omen dira, beraz kasu honetan euei zuzendutako klasea izango da”, jakinarazi digu Aiaraldeko dantzariak.

Txikito Dantzak, euskal dantzak ikasteko plataforma

Gabonetako Azokako jarduerak bukatzen dituenean, Txikito proiektuko teknikoekin elkartuko da Aitor Txikito Dantzak delako plataformara aurten igoko diren edukiak grabatzeko. “Hirugarren denboraldi honetan ‘Jauzietan’ zentratuko gara; hamabi Jauzi ezberdin irakatsiko ditugu, zailtasun maila igotzen joango da dantzaz dantza, eta euskal herrialde bakoitzeko hizkera erabiliko dugu”, azaltzen du ‘Txikito’ abatarraren azalean berriro ere jarri aurretik.

“Lan handiko egunak datozkit, baina baita poz handikoak ere. Hemen Bilbon egote hutsa Gabonetako Azokan, Casilda Iturrizar parkean dantzak irakasteko aukera izatea… iturri zibernetikoaren eta arkuen ondoan… oraindik kosta egiten zait hau bizitzen ari naizela sinestea, ohore eta luxua baita niretzat. Horretaz aparte, Llavallolgo (Argentina) Euskal Echea Ikastetxeko dantza irakaslea naizenez eta Argentinako dantza folkloriko eta Tango irakaslea ere naizelako deitu didate hau egiteko; eta nolabait ordezkari sentitzen naiz, nire bidez Diasporak Bilboko Azokan egoteko aukera duela sentitzen dut”, hausnartzen du harrotasunez dantzariak.

- Txikito Facebook-en, vasotxikitoregalosoriginales
- Txikito Instagram-entxikitomunduan
- Txikito TikTok-entxikiteandoo
- Txikito YouTube-ntxikitomunduan



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia