Buenos Aires, Argentina. 2014. urtean hasi zen Aitor Alava 'Dantz-ango' izeneko bloga idazten. Izenetik bertatik Euskal Herria eta Rio de la Plata dantzaren lokarriarekin lotzeko asmotan jaio zen webgunea. Proiektu "apala" izan zen hasieratik, “eskuz egindako”a. Gaur egun, hamaika urte pasa eta gero, eduki berriak eta eguneratuak ia egunero zabaltzeaz gain bloga milioi bat bisita izatera iritsi dela dioski bere egileak. Jaio zenean hasi berriaren isla eman genuen orrialdeotan eta orain, berriz solastu gara balantzea eskatuz Buenos Airesen dantzari eta dantza-maisu den Alava arabararrekin.
- Lehenengo eta behin, zorionak. Zer mantentzen du blogak haste hartatik?
Folklorea da blogaren muina, hala hasi zen, baina horretaz aparte niri eta nire bizitzari buruzko hainbat eduki izan ditu beti. Neure subjektibitatea beti dago testuetan, batzuetan metaforekin, bestetan jokoekin, zergatik ez… Jende asko ez dago egia gordinak irakurtzeko prest eta batzuetan mozorrotu egin behar dira. Nire bizipenak direla, eta subjektibitatea dela, testuak gero eta laburragoak dira eta irudiek gero eta leku handiagoa hartu dute. Agian bizitzen ari garen garaiko ezaugarria da hori. Dena oso azkarra izan behar da, dena hasi eta bukatzen da aida batean.
- Zenbatero igotzen dugu material berria, erraz egiten duzu?
Batzuetan pentsatzen dut gero eta gutxiago argitaratzen dudala baina zenbakiak ikustean argi dago ez dela horrela. Urte emankorrenak 2014 —300 sarrera igo nituen— eta 2020 —269 sarrera— izan ziren… batazbestekoa 188 izan da urtean. Aurten 140 sarrera igo ditut eta irailean gaude… uste dut ez dela zenbaki batere makala, kalkuluak eginez, eduki berri bat da bi egunean behin.
- Nondik datorkizu ibspirazioa?
Lehen aipatu bezala, eduki asko neure bizitza eta lanarekin daude lotuta. Izan ere, bloga nolabaiteko ‘lehioa’ da nire kultura ekintzak eta ikuskizunak erakusteko. Beste alde batetik nire liburutegia eta CDtegia ere baditut, eta azkenik, beste webgune eta youtube kanal batzuk ere bihurtu ohi dira iturri, Kanaldude eta Xaloa Telebista, esate baterako.
- 'Milioi bat bisita… ’
Lagunek eta familiak konturarazi didate zenbaki garrantzitsua dela. Gogoan dut oraindik 2014an lehenengo argitalpena 100 bisitara iritsi zenean pentsatu nuela “Hau erokeria! Badaude ehun lagun munduan honi begira daudenak…”. Eta gaurko zenbaki honekin gauza bera pentsatzen dut, batez ere dantza ez baita oso gai popularra. Egiari zor, hamar urte eta gero oso arraroa da sarrera batek 300 bisita baino gutxiago izatea… Eta hori ikustean kriston satisfakzio irribarrea sortzen zait ezpainetan.
- Zein dira irakurleei gehien interesatzen zaizkien gaiak,?
Euskal gai petoak oso erakargarriak gertatzen zaizkie, adibidez dantzak, eta dantza egiteko jantziak, baina Argentinako eta Latinoamerikako dantzak ere interesatzen zaizkie. Eta nola ez, bals-a… Europako tipikoena. Beste alde batetik, oso zaila da jakitea zer nolako profila duten irakurleek. Blogeko edukiek muga geografikoak eta adinekoak gainditzen dituzte. Bai esan dezaket blogak eskatzen dituela irakurtzeko denbora eta pazientzia eta gaur egun gazte askok ez dutela ez bata ez bestea.
- Horrek ez zaitu animatzen sare sozial batera migratzera, Tik-tokera, adibidez?
Ez, inondik inora! Aldarrikatu egiten dut formatu hau. Aukera berri eta modernoen artean tradizionalena da bloga. Gainera oso erraza da eta edonork eskuratu dezake.
- Blogetatik at, baduzu beste proiekturik esku artean?
Momentu honetan irakaskuntzan nabil eta Euskal Echea ikastetxean gainera Departamentuko arduraduna naiz. Folklorea eta tangoa irakasten ditut 21. zenbakiko Vocacional-ean eta Oihankide Taldearen zuzendaria naiz. El SURI balletean era ari naiz dantzari eta Txikito proiektuan ere laguntzen dut… Nahiko lanpetuta nabil. Hala ere beti dago lekua proposamen berrientzat, eta nobedadeak daudenean kontatuko ditut.
'Dantz-ango' hemen irakur daiteke