Habana, Kuba. Gaur osteguna Habanako La Bombilla Verde-n arituko da, besteak beste rapa eta reggaea osagai dituen bere musika eskainiz bira hasi berria duen Gorka Suaia. Lehenengo emanaldia atzo eskaini zuen Habana bertako La Pérgolan, eta datozen egunotan irlan barrena ibiliko da Xixo Yantani (The Cherry Boppers, The Pushermen) perkusioan eta DJ Kimosoundz lagun dituela, doako elkartasun kontzertuetan jendaurretuz irailaren 25era arte. Habanaz gain Santa Clara, Sagua la Grande, Trinidad eta Cienfuegos-en entzun ahal izango dute, "zuzeneko lehergarri eta soinu-mestizajez betea" ezaugarri, Cuba Information-ek zabaldu duenez.
"Cuba Tour" deitu duen bere kontzertu bira honetan Musikaren Institutu Kubatarraren lankidetza eta Euskadi-Kuba elkartearena dauzka Suaiak. Irlara iritsita osasun material dohaintza bat entregatu zion ICAP-i (Instituto Cubano de Amistad con los Pueblos) Herrien arteko Adiskidetasun Institutu Kubatarrari.
Suaia eta "Birjaio" bere azken singlea
Medio berak gogorarazten duenez, Suaia abeslari eta musika-ekoizle euskaldunak iaz kaleratu du Birjaio, reggae eta cumbia uztartzen dituen bere azken singlea, eraldaketa eta barne-konexio mezu batekin. Ibon Larruzeak Bilboko Euridia estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu duen abestiak berpiztera gonbidatzen du, norberaren esentziarekin lotura bilatzeko bidaia bati ekinez. Kaleratzearekin bat, Askapen Sound-ek (Gorka beraren ezizena) sortutako bideoklipa dator, izen honekin berarekin sinatzen duelarik musika ekoizpena bera. Abestia plataforma guztietan entzun daiteke eta bere Bandcamp-etik deskargatu.
Gazteizen jaio eta Bilbon finkatua den Gorka Suaiak ibilbide luzea du hip-hop eta reggae munduan. Besteak beste Kodigo Norte, Esne Beltza, Herrima eta Suaia eta Ama Rebel bezalako proiektuetan parte hartu izan du, hainbat disko kaleratuta, batzuk biniloan, azkenekoa aurten: kolaborazio bat Fermin Muguruzaren "En la linea del frente"ren omenez egindako diskoan. Bere estiloa raggamuffinetik drum & basseraino doa, sound system soinuak, eta dancehall, cumbia eta hip hop bezalako erritmoak igaroz. Suaiak bere ahots propioa sendotu du eszena alternatiboan, bere abeslari konprometitu eta kontzienteari eta esnatze kolektiborako deia tarteko.