euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alicia Barbería Zarçabal: 100 urte bete ditu, azken 32ak atxikimendu osoz Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeari

2025/12/30

Ezk., Alicia Barbería 2005ean, Euskal Herrira egindako bisita bakarrean, Esk., abenduaren 12an bere 100. urtemuga ospatu zuenean
Ezk., Alicia Barbería 2005ean, Euskal Herrira egindako bisita bakarrean, Esk., abenduaren 12an bere 100. urtemuga ospatu zuenean

PUBLIZITATEA

Azul, Argentina. Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeak ospatu berria du bere 32 urteko ibilbidea. Urteurren horrek, ordea, beste mugarri ez ohiko bat ere izan du lagun: EEko fundatzaile eta erreferente nagusi den Alicia Nélida Barbería Zarçabal-en 100. urtebetetzea. 1925eko abenduaren 12an jaioa, Alicia elkarte euskal-azuldarraren memoria bizia da. Argentinako beste hainbat lekutan bezala, Gure Txokoa 90eko hamarkadan sortu zen, arbasoen sustraiei eta kulturari eutsi eta berriz bat egiteko gogoak bultzatuta.

1993ra egingo dugu atzera, urte hartan abiatu baitzen Azulgo Gure Txokoa, herriko egunkarian euskal etxe bat sortzeko deialdia argitaratu zenean. Talde txiki batek erantzun zion deiari, denak euskal jatorrikoak. Gehienak emakume helduak ziren, gazteagoren bat ere, etxekoandreak, irakasleren bat, eta langile publikoren bat tartean. “Gizonezkoak, bizpahiru besterik ez". Izan ere, "Gutxi ginen, baina euskal etxea izateko ilusio handia geneukan, inguruko herri guztiek baitzuten berea”, gogoratzen du argi eta garbi Aliciak EuskalKultura.eus-entzat.,.

  
Ezkerrean, gurasoak, Francisco Barberia eta Catalina Zarçabal. Eskuinean, Alicia eta bere ama

Euskal Herritik etorritako bi gurasoen alaba izan zen Alicia. Alicia Francisco Barberia (Arrarats, Nafarroa) eta Catalina Zarçabal (Ibarrola, Nafarroa Beherea) senar-emazteak izan zituen aita-ama. XIX. mende amaieran iritsi ziren Azulgo lursailetara lanera, bakoitza bere aldetik. Bertan ezkondu, familia osatu eta Alicia jaio zen. Alabak etxean eguinez egun jasotako usadio eta amodio ondare hura denborarekin euskal etxearekiko konpromiso bihurtu ahal izango zuen.

Aliciak ere bere familia osatu zuen. Ezkondu egin zen, etxekoandre bilakatu eta bi seme-alaba izan zituen: Roberto O. Palermo eta Alicia G. Palermo. Azken 32 urteotan sendo mantendu du euskal etxearekiko hasierako atxikimendua, Zuzendaritza Batzordeko kargu ia guztiak beteta, lehendakaritza barne. Horrez gain, ondoko belaunaldietan ere euskal zaletasuna pizten eta elikatzen jakin izan du: Alicia Graciela alaba bazkide egin zen eta Sofia Palermo bilobak, berriz, Arima Gazte helduen dantzari taldea sortu eta zuzendu zuen.

 
Alicia Barbería Zarçabal euskal-azuldarra (erdian, eserita), bere familiak inguraturik

“Ustekabeko adin honetara iritsi naiz eta oso pozik nago nire bokal karguan". "Lehen bezala lan egin ezin badut ere, nire kideekin batera, ahal dudana egiten dut”, esan dio gure buletin honi. Ehun urteko perspektiba izan arren, Aliciak ez du gaur eguna saihesten. Gazteenengan interesa berritzeko zailtasuna aitortzen du eta, batez ere, egoera ekonomikoak ezartzen dituen erronkak. Hala ere, baikortasunari eusten dio, konfiantza osoa baitu EEko egungo lan-taldean: “Fedea eta itxaropen handia dut. Aurrera egiteko gai izango garelakoan nago, oso talde langilea baitugu, arbasoen memoria maite eta errespetatzen duena”, dio 32 urteko konpromisoak eta Buenos Aires probintziako lurretan bizi izandako mendebeteko euskal nortasunak ematen dioten autoritatearekin.

Zorionak Alicia!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia