euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Topa-egiteak, Olentzero, dantza, opariak, poza eta itxaropena munduko Euskal Etxeetan azken agurrean 2025 urte zaharrari

2025/12/29

Olentzero eta Mari Domingi Australian, North Queensland-eko Euskal Etxeko umeekin
Olentzero eta Mari Domingi Australian, North Queensland-eko Euskal Etxeko umeekin

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Egun gutxi baino ez dira geratzen urtea bukatzeko eta mundu osoko euskal etxeak ziklo berriari ekiteko prestatzen ari dira jadanik. Hori baino lehen, hala ere, eta merezitako atsenaldia hartu aurretik —atsenaldi laburxeagoa Ipar Hemisferioan eta pixka bat luzeagoa, martxora arte, Hego Hemisferioan—, ez dira gutxi urte bukaerako festak antolatu dutenak. Bazkariak edo afariak, mota ezberdinetako zeremoniak eta nola ez, Olentzero eta Mari Domingiren bisitak… proposamen ezberdinak baina guztietan euskal eta eguberri giroa nagusitu zen.

Montevideoko Haize Hegoak urte amaierako programa oparoa gauzatu zuen –hitzaldiak, umeentzako postalak, topaketa…– baina azken elkarretaratzean Olentzero iritsi zen eta ez esku-hutsik… izan ere, opariak ekarri zizkien Euskal Etxeko lagunei. Mexiko hiriko Euskal Etxeko lagunek ere izan zuten Ikazkin mitikoaren bisita eta berarekin batera afaldu eta topa egin zuten. Eta Latinomerikako bere txangoan, Kolonbian, Antioquiako Euskal Etxearen eskutik, opari batzuk banatu zituen neska-mutilen artean.


Olentzero lagunez inguratuta Haize Hegoa Euskal Etxean


Euskal Ikazkinak Mexikon ere ospatu zuen 


Antioquiako Euskal Etxeak Olentzeroren berri eraman zien hiriko umeei

Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxean, berezia izan zen urte amaierako ospakizuna zeremonian bertan 70 urte baino gehiago dituen beirate bat berreinauguratu zutelako. Euskal Etxetik azaltzen dute zaharberritze lanak Cenarrusa Fundazioak emandako sariari esker egin zituztela, Agurtzane Aguado Ruiz lehendakari ohiaren omenean.


Euskal Erria euskal etxe uruguaitarrean zaharberritu zuten beiratea

Limako Euskal Etxeak bazkide eta lagunak bildu zituen hilabeteroko afarian, baina oraingoan Gabonetako menu berezi batekin. Topa egiteko momentuan jadanik ez daudenak izan zituzten gogoan eta urteari amaiera borobila emateko, 2025eko Gabonetako Proiektu Solidarioaren baitan elikagai eta hainbat material eman zizkioten dohaintzan Pachacámac-eko ‘Hermanitas de los Pobres’ Kongregazio erlijiosoari. Limatik 550 kilometro iparralderantz, Wilfredo Lizarzaburu buru duen Trujilloko Euskal Etxeak ere ospatu zuen urte amaierako festa. Anfitrioiak menu eta apaigarri tipikoez arduratu ziren.


Eguberriak ospatzeko dohaintza egin zion Limako Euskal Etxeak Pachacámac-eko ‘Hermanitas de los Pobres’ Kongregazio erlijiosoari


Trujilloko Eguberriko topaketa

Txileko Euskal Gizataldearen kasuan, egun osoko jaialdia antolatu zuten 2025ari agur esateko. Festa meza eta abesbatzaren emanaldiarekin hasi zen; ondoren dantzak, bazkaria eta beroa gorabehera, Olentzero eta Mari Domingi ere iritsi ziren Santiagora bertako lagunekin ospatzera.


Olentzero eta Mari Domingi Txileko Santiagon

Europako Euskal Etxeak

Europako Gabon postalak erabat ezberdinak dira baina festa giroa berdintsua; horregatik hara ere iritsi ziren Olentzero eta Mari Domingi eta Madrilen, esate baterako, gozokiak ekarri zizkieten Euskal Etxeko lagunei; gero beren gutunak jaso eta dantza ere egin zuten kalean. Mallorcan, Jai Alai jatetxean bisitatu zuten bi pertsonaia mitiko hauek eta Euskal Etxeko lagunekin abestu zuten akordeoiaren erritmora.


Olentzero eta Mari Domingi Madrlgo kaleetan


Mallorcako Euskal Etxea ere bisitatu zuten euskal ikazkinak eta bere lagunak

Frantzia aldera, Bordeleko Euskal Etxean antzezlantxo bat taularatu zuten Olentzero eta Elkarteko kideek eta gero kantu batzuk bota zituzten. Bukatzeko, krepeak prestatu zituzten umeek dastatzeko. ‘Montpellier Eskual Etxean’, urteko balantzea ere egin zuten bazkideek urte amaierako jaian. Horren ostean, Olentzeroren etorria, bazkaria, kantak eta mus partidak.


Antzezlana eta kantak Bordeleko Euskal Etxean


Egun osoko ekitaldia antolatu zuten Montpellierreko Eskual Etxea-ko lagunek

Australia

Hego Hemisferiora itzuliz baina Australian, North Queensland-eko Euskal Etxeko lagunek Townsville hirian dagoen egoitzan ospatu zuten urte bukaerako bazkaria. Topaketan urtean zehar Euskal Etxearen alde lan egiten duten lagunei esker beroak luzatu zizkieten antolatzaileek.


Urte amaierako bazkari jendetsua North Queensland-eko Euskal Etxean



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia