euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diaspora osoko dantzariak online trebatzen Aiko Eskolarekin: Sacha Miro-ren eskarmentua Argentinatik

2021/06/21

Sacha Miro Baztanen, 2019an
Sacha Miro Baztanen, 2019an

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Sacha Miro San Nicolaskoa da baina Buenos Airesen bizi da. Bertan Oihankide Taldeko kide da, euskara ikaslea eta dantzaria, eta euskal kulturarekin lotura estua duenez, berehala onartu zuen Aiko Dantza Eskola Digitalak diasporako dantzariei luzatutako proposamena: euskal dantzetan trebatzea, modalitate birtualean. Gogora dezagun ‘Dantza Munduan’ programa birtuala iaz abiatu zuela Aiko taldeak, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzarekin sinatutako hitzarmen bat tarteko.

“Nire kasuan, iazko abenduan hasi nintzen plataforman, ikastarora sartzeko pasahitza jaso nuenean baina, egiari zor, apur bat lehenago, 2020ko martxoan, hasia nintzen jadanik beraiekin trebatzen, plataforma sortu aurretik Youtubera bideoak igotzen hasi zirenean", adierazi dio dantzari argentinarrak EuskalKultura.eus-i.

Lan modalitatea

Plataformak eskaintzen dituen aukeren artean, Sachak normalean zuzeneko klaseak hartzen ditu. “Material osagarria ikusteko aukera ere badago, edo grabatuta dauden mutildantzak, adibidez, eta ez da beharrezkoa zuzenean egitea. ‘Hobekuntza’ ataleko klase batzuk ere hartu ditut eta ezberdintasuna da euskaraz daudela. Plataforma, bikaina da eta oso erraz sartzen da dantza bakoitzean. Hasieran arazo tekniko batzuk izan nituen baina berehala konpondu zizkidaten”, azaldu digu.

Balantzea

Orain arte egindako bideaz hitz onak ditu Sachak: “Oihankide Taldean, Aitor Alava gure monitoreak, asko bultzatzen gaitu dantza plazan aritzeko, beraz ez naiz zerotik hasi ikastaroan. Horretaz aparte, Euskal Herrira joan nintzenean Aiko-k antzoki batean egin zituen erromerietara joan nintzen eta izugarri gustatu zitzaizkidan”.

“Hala ere, ikastaroari dagokionez, oso ideia ona iruditzen zait diasporako dantzariek beste didaktika batzuk ezagutu eta erritmo berriak ikasteko aukera izatea. Hau da, ikusi eta jakin ahal izatea Euskal Herritik kanpo Euskal Herriko erromeriak nola diren, erraz, musutruk, eta munduko edozein bazterretik”.

Ez da batere erraza munduko hainbat leku eta ordutegitatik sartzen den jendeak elkarrekin jartzea, baina Oihankide Taldeko dantzariaren ustez agian baloratu beharko lukete zuzeneko klaseen ordutegia eta agian eman ikastaroko dantzari guztiekin edozein momentutan txateatzeko aukera.

“Balantzea egitekotan, proiektua aparta eta ederra iruditzen zait; eta argi badago ere dantzarioi taldeka eta elkarrekin aurrez-aurre dantza egitea gustatzen zaigula, pandemia eta konfinamendu garaiko birtualtasunak izan duen ekarpen eta alde on bat izan da”, adierazi du Oihankideko dantzariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia