euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Badago ala ez dago?' obra irakurriko dute gaur, euskaraz, Buenos Airesko Nazioarteko Antzerki Jaialdian

2009/10/13

Antzerki jaialdiaren kartela Yolanda Arrietaren 'Badago ala ez dago?' obra --"patua/halabeharra eta sorginak osagai dituen komedia dinamikoa"-- irakurriko du gaur Buenos Airesko VII. Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren baitan bertako Laurak Bat Euskal Etxeko talde batek 'Babel, la biblioteca' zikloan. Ziklo honetan hogei bat antzerki-lan irakurriko dira euren jatorrizko hizkuntzetan, ezezagunak edo 'urrunak' diren hizkuntzak eta kulturak ezagutarazteko asmoarekin. Obraren egilea, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria, Argentina eta AEBetako diasporan ahaideak dituen euskalduna, pozik azaldu zaio EuskalKultura.com-i 1992ko Euskadi Antzerki Saria lortu zuen lan hau Buenos Airesen aukeztuko dutela jakitean. Emanaldia, gaur, arratsaldeko zazpietan, sarrera doan.

Gehiago irakurri...


Saladilloko 'Itxaropen' Euskal Etxeak bere bazkide eta lagunak bildu zituen elkartearen 11. urtemuga ospatzeko

2009/10/12

Joan den larunbatean Saladilloko Euskal Etxeak bere 11. urtemuga ospatzeko egin zuen bazkari eta elkarretarazeko ikuspegia (argazkia ABC-Saladillo) Zegokion data A gripea dela-eta hartutako neurriengatik atzeratu ondoren, joan den larunbatean ospatu zuen Saladillo 'Itxaropen' Euskal Etxeak bere 11. urtemuga eta, ohi bezala, bere bazkide eta lagunak bazkari eta elkarretaratze batera gonbidatuz egin zuen. Ohiturari jarraituz baita ere, bazkariko mahaiburukoa --postre edo deserta-- berezia izan zen, eta hizki jangarrietan idatzirik zeukan lagunak otordu horretara biltzeko efemeridea. Elkartearen izenean, Hector Altamira EEko lehendakari berria mintzatu zen, bildutakoei euren presentzia eskertuz eta epe labur eta ertainerako planak azalduz.

Gehiago irakurri...


Agerkari Ofizialak HABEren Euskal Etxeetako euskara eskoletarako 2009-10 laguntzen deia argitaratu du

2009/10/12

HABEko Zuzendari Nagusiaren Ebazpena, ostiralean argitara emana

Gehiago irakurri...


Paranáko 'Presencia Vasca' irratsaioa Elvira Kortajarena Ordezkariarekin solastuko da igande honetan

2009/10/10

Elvira Kortajarena, Argentinako Euskasiko Ordezkaritzara abiatu aurretik eman zuen prentsaurrean (argazkia EuskalKultura.com) Paraná hiriburu entrerriostarretik astero aireratzen den Presencia Vasca irratsaio euskal-argentinarrak Elvira Kortajarena, Eusko Jaurlaritzaren Argentinako Ordezkari berria elkarrizketatuko du igande honetako saioan, saioko zuzendari eta esatari den Federico Borras Alcain-en eskutik. Kortajarena, ia 14 urtez Madrilgo Parlamentu espainiarrean Gipuzkoako hautetsi gisa izan duen eserlekuari uko egin ondoren etorri da Argentinara. Eskarmentu politiko handiduna, ongizate sozialean aditua da eta Ibarretxeren gobernuak izendatu zuen Marieli Diaz de Mendibil-en ordea hartua du joan den hilabetean.

Gehiago irakurri...


Deia egin dute Euskal Herritik Argentinara Agirre Lehendakariaren irudi finko edo mugikorrak topatzeko

2009/10/09

Lehendakari Agirre Batzordea: 2010ean Agirre hil zela 60 urte beteko direla-eta egitarau bat ari dira prestatzen, behar bezala ezagutua eta oroitua izan dadin (argazkia Sabino Arana Fundazioa) Euskal Herritik, Euskal Abertzaletasunaren Museoa, Sabino Arana Fundazioak kudeaturikoa, FEVAri eta euskal-argentinar komunitateari zuzendu zaio, Agirre Lehendakaria agertzen diren irudi finko zein mugikorrak eskuratzeko. Jakina denez, Agirre Jaurlaritzako lehenengo Lehendakaria izan zen, eta lau bidaia egin zituen Argentinara. Norbaitek hau irarri eta berak ez, baina halakorik izan lezakeen beste norbait ezagutuko balu, erregua luzatzen zaio baita ere, bigarren pertsona edo erakundearen datuak pasa ditzan, operazio honen helburuak batera edo bestera bete ahal izan daitezen.

Gehiago irakurri...


Ezteiak euskal erara Argentinan Mikel Olkoz eibartarra eta Vanesa Gerardi chacotarra ezkontide (irudiak)

2009/10/09

Senar-emaztetuak jada, bikote ezkonberriak eliza uzten du , Chacoko euskal dantzarien arkupean Amodioak mugarik ez duela esanez idatzi digute Argentinako Chaco probintziatik, bertan joan den asteko ostiralean izan zen ezkontza baten berri emanez. Ezkontideak, Mikel Olkoz eibartarra eta Vanesa Gerardi chacotarra izan ziren, eta ezkontza "euskal moldekoa", dantzariak, arkoak, musika, aurreskua eta beste hainbat gauza 'euskal erara' egin baitziren. Apaiza ere --'aita Migel Angel'-- euskal jatorriduna omen zen eta ezkontza ondoko festetan ez ziren fandango eta arin-arinak batere faltatu. Eibartik senargaiaren familia bertaratu zen, eta zeremonia bukatu zenean, norbaitek "nobixuak zoriontsu izan daitezela" esan omen zuen. Chacoko 'Kotoiaren Lurra' euskal etxeko kideak bikotea eskortatu zuten egun osoan, haiei onena opatuz.

Gehiago irakurri...


Ameriketan artzain ibili zirenek eta euren familiek elkarretaratzea egin zuten igandean Baigorrin (bideoa)

2009/10/09

Baigorriko Xokoa joan den igandean bertan egin zen amerikanoen bazkari eta elkarretaratzean (argazkiak EuskalKultura.com) Elkarretaratze polita egin zuten igandean Baigorrin, Estatu Batuetan ibili ziren berrehundik goiti personek, tartean gizon-emazteak eta familiak, eta haurrak ere. Izan ere, hiru 'amerikano' belaunaldi bildu ziren, gisa batez edo bestez Estatu Batuei lotuak, urtean behin urriaren lehenengo asteburuan normalean Nafarroa Behereko herri diferente batean egiten den bilkura eta festara. Pozik ziren antolatzaileak, eta euretako Henri Oçafrain bankarrak --urte andana bat San Frantziskon eginik orain Euskal Herrian bizi denak--, EuskalKultura.com-i esan dionez "gauza polita da ikustea hitzordu honek jende gehiago biltzen duela urterik urte, belaunaldi gazteak partikularzki".

Gehiago irakurri...


San Frantziskoko Euskal Etxeak jendez mukurru egin zien harrera Bill Clinton eta John Garamendiri

2009/10/08

Clinton solasean ari zela San Frantziskoko Euskal Etxean, garamendi atzetik arretaz entzuten Laurehun bat pertsona bildu ziren San Frantziskoko Euskal Etxean Bill Clinton presidente ohiak Kongresuko aulki bat bereganatzeko lehian ari den John Garamendi Kaliforniako gobernadoreordeari sostengua emateko antolatutako ekitaldi politikora, joan den asteartean. Azaroaren 3ko hauteskunde horietarako hautagai nagusiena da Garamendi. Bi politikariak osasun zerbitzu unibertsala eta energia berriztagarrien gaiak aipatu zituzten, eta Clintonek gogora ekarri zuen duela 34 bat urte Euskal Herrian egon zela Hillaryrekin, herrirk herri eta festaz festa. bere hitzaldia bukatuta, aireportura abiatu zen, John eta Patti Garamendi eta euren seme-alaba eta bilobak Euskal Etxeko jatetxean afaltzen geratzen ziren bitartean.

Gehiago irakurri...


1936ko erbesteari buruzko mahai inguru batekin bukatuko da bihar Donostian Exilioaren X. Kongresua

2009/10/08

Ezkerrean, Jose Angel Ascunce, Hamaikabide elkarteko presidentea; eskuinean Federico Alvarez, Donostiako Pasealeku Berrian 1936ko oroitzapenei buruzko mahai inguru batek markatuko du bihar Donostian, aste honetan zehar Amerika eta Europako 68 irakasle eta aditu partaide Bilbon eta Donostian 'Exilioa lehenengo pertsonan' lelopean garatu den Nazioarteko Kongresuaren amaiera. Hamaikabide elkarteak eta Deustuko Unibertsitateak antolaturik, urtero deitzen den kongresu honen hamargarren edizioak omenaldi berezia eskaini nahi izan dio aurten Federiko Alvarez (Donostia, 1927) idazle eta irakasleari, ohorezko makila bat emanez. Alvarez bera, Arantza Amezaga eta Ramon de la Sotarekin batera izango dira Jose Angel Ascunce moderatzaile izango duen mahai inguruko solaskide, bihar Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian, Jargiaren Aretoan, sarrera libre.

Gehiago irakurri...


Louisianako Estatuak 'etekin asmorik gabeko erakunde' gisa onartu du New Orleans-eko Euskal Etxea, AEBetan

2009/10/08

New Orleans-eko euskal etxearen eskuetatik plazaratu berria den Luisianako bandera, euskaldunek historikoki utzi duten eragina aipatuz, Michel-Antoine Goitia-Nicolasek adierazi duenez Joan den abuztuan lau urte bete ziren Katrina hurakanak Louisianako New Orleans eta ondoko estatuak astindu zituenetik eta bizitzak aurrera egin badu ere, kalteak eta haizerauntsiaren eraginak oso present segitzen dute hura bizi eta jasan behar izan zuten jendeen artean. New Orleans-ek zeukan euskal elkarteari dagokionez, bere bazkideen lehentasunak beste leku batzuetan egon ziren bolada batean, premiazko gauzak soluzionatu ostean berriz ere ekimenei eustekotan. Duela bi urte hasi ziren ostera ere biltzen, eta hartu berria dute orain Louisianako Estatuak 'etekin asmorik gabeko erakunde' onartzen dituen agiria. Horrekin batera, bandera berri bat ere aurkeztu dute, sinbologiaz betea, bertako eta inguru zabal bateko historian euskaldunek izan duten eraginaren adierazgarri.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia