euskal diaspora eta kultura

2010/03/24
Gabriel Arestiren Harri eta Herri, jarriko du laster guztion eskuetan Euskalduna Irakurle Klubak, Argentinan argitaratzen duen bosgarren liburua. 2010eko lehenengo izenburua duen honekin, poesia bilduma inauguratzen ari da Kluba. Gogora dezagun orain arte eta 2009an zehar, narratiba arloko bi testu argitaratu dituela gaztelaniara itzulita --Joan Mari Irigoienen 'Babilonia' eta Arantxa Urretabizkaiaren 'Koaderno Gorria' hain zuzen-- eta beste bi, saiakeraren arloan --Joxemiel Barandiaranen 'Mitología Vasca' eta Xabier Peñalverren 'Orígenes' --. Orain euskal literatura garaikidean funtsezko liburua den 'Harri eta Herri'rekin datorkigu, klubeko kideek euskal poesia gaztelaniaz zein euskaraz irakurri ahal izango dutelarik, edizioa elebiduna baita. Azpimarratzekoa da 'Harri eta Herri' liburuaren azalak Eduardo Chillidaren grabatu eder bat dakarrela.
2010/03/24
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamendua arautuko duen erregelamendua onartu zuen atzo. Sei hilabete barru inguru abian jartzea aurreikusten den erakundearen antolaketa zein funtzionamendu erregelamendua jasotzen du Dekretuak. Aurrerantzean agentzia hau arduratuko da Euskadiko garapen-lankidetzarako politikak planifikatu eta kudeatzeaz. Jaurlaritzak hartutako erabakia 2007ko otsailean, Garapen Lankidetzari buruzko Legearen onarpenarekin hasitako legegintza egutegiaren barruan kokatzen da. Egutegi horrek jarraipena izan zuen 2008ko ekainean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautu zuen Legearekin.
2010/03/23
Noemi Gonzalo-Bilbao 28 urteko neska gasteiztar bat da, beste hainbat euskal gaztek bezala ikusteko, ikasteko eta ikusmirak areagotzeko ikasketak, ikastaroak eta lanak Euskal Herritik kanpo hartu eta urte batzuen ondoren, gazte izanik, eskarmentu eta ezagutza askoren jabe egin/egiten ari dena. Lau hizkuntza egiten ditu Noemik eta duela zazpi bat hilabetedanik Eusko Jaurlaritzako Estatu Batuetako Ordezkaritzan ari da lanean. Ez da leku txarra ikasteko eta irudimena eta ekimena astintzeko, Ordezkaritza bera lan-talde gisa berri samarra delarik --egoitza hartu berria du-- eta oraindik ordezkaria, arduraduna alegia, izendatu gabe duenez, lanerako aukera politak ematen baitizkio lana egin nahi duenari.
2010/03/23
Patxi Lopez lehendakariak harrera-ekitaldi bat izan zuen atzo arratsaldean Sao Paulo estatu eta hirian bizi diren euskaldunekin, Brasilera, 150 bat pertsona partaide dituen euskal ordezkaritza batez ere ekonomiko zabal bateko buru gisa hasi berria duen bidaia ofizialean. Programarten baitan, Sao Paulo erdiguneko hotel bat biltoki izan zuen Brasilgo euskal gizataldekoak agurtu eta Sao Paulo estatuan dauden bi euskal etxeetako partaideak agurtzeko. Ekitaldira bildutakoei zuzendu zien mezuan, euskal emigrazioaren egitatea aipatu zien, Euskadi utzi zutenekin herrialdeak daukan zorra, eta baita ere egun Euskadik bertako euskal gizataldekoei eskatzen dien mesede berria, euskal enpresa, produktu eta ekimen ekonomikoko sarbide eta laguntzaile izan daitezen, euskal-brasildar harreman ekonomikoen sostengatzaile.
2010/03/23
2010/03/22
Elkartearen Biltzar Nagusiaren ondotik, karguak berritzeko araudi-betebeharrari ekin dio Argentina hegoaldean elkarren ondoan --Ibai Beltza tarteko-- dauden Viedma (Río Negro probintzia, Patagonia) eta Carmen de Patagones (Buenos Aires probintzia) herrietako euskal jatorriko komunitatea biltzen duen 'Beti Aurrera Aberri Etxea' izeneko euskal etxeak. Elkarteko kideek konfidantza berritu diote egun lehendakari den Isabel del Carmen Labianori, eta berarekin batera euskal etxea 2010-2012 tartean gidatuko duen buruzagitza hautatu dute, tartean Sonia Beatriz Gastaminza idazkari berretsiz eta Mario Fabian Azcarate diruzein berri izendatuz. Zorterik onena eurei, zabaldu zaien lanaldi berrian.
2010/03/22
2010/03/22
Buenos Aires Unibertsitateko Hizkuntza Laboratorioan anitz hizkuntza ikas daitezke, tartean ingelesa, portugesa, italiera eta alemana, batzuk aipatzearren. Duela bost urte, ordea, eta indoeuroparra ez den Europako hizkuntza bat irakasteko asmoarekin, UBA bera eta Argentinako Euskal Federazioa elkartu ziren proiektu berria bultzatzeko. Ikastaroak lehenengo lauhilekoa iraungo du eta hastapen mailakoa izango da. Klaseak martxoaren 23an (bihar) hasiko dira eta astearteetan eta ostegunetan izango dira, arratsaldeko 6etatik 8etara laboratorioaren egoitzan. Izena emateko ez da gradu akademikorik eskatzen eta kurtsoa gainditzen dutenek UBAren agiri bat jasoko dute.
2010/03/19
Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea, Buenos Airesko probintzia argentinarrean, arrakastaz ari da garatzen eskolarako lanabesak biltzeko elkartasun kanpaina, bat eginez herriko zenbait lagun eta erakundek hasitako ekimenarekin. Martxoaren bi lehenengo larunbatetan, 6an eta 13an, egindako biltzealdiak emankorrak izan ziren eta hileko hirugarren larunbata --bihar alegia, Euskal Etxeak bere urteroko Biltzar Nagusia egingo duen eguna-- finkatu da ekimenean parte hartu nahi dutenek hala egin ahal izan dezaten. Zingirako Euskaldunak Euskal Etxetik parte hartu dutenei eta parte hartu behar dutenei biziki eskertzen zaie euren partaidetza eta elkartasuna, norberaren hondar alea garrantzitsua baita pixkanaka eta guztion bat egitearekin eraikitzen diren honelako proiektuen kasuan.
2010/03/18
Datorren larunbatean egingo diren FEVAko buruzagitzarako hauteskundeetan lehian gelditu den zerrenda bakarreko burua da Ricardo Basterra. Munduan euskal etxerik gehien biltzen duen federazioak Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxera bilduko ditu bere bazkideak, datozen bi urteetan erakundea gobernatuko duten karguak berritzeko. Hauteskunde lehia izango zela zirudien, baina 'Renovación Vasca' izenpean aurkeztekotan zen zerrendak, Alejo Martin buru, ez aurkeztea erabaki zuen azken momentuan. EuskalKultura.com-ek galdera batzuk luzatu dizkio, gauza ezohikorik gertatu ezean datorren larunbatetik aurrera FEVAko lehendakaria izango den Ricardo Basterrari, egun FEVAko diruzain eta Santa Rosako Euskal Etxeko lehendakaria den hautagaiari.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus