euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asteartean aurkeztu zen Euskal Herriko Unibertsitateko Master eta Doktoradutza Nazioarteko Ikasketetan

2009/10/16

Masterraren gaztelaniazko afixa Joan den asteartean, urriaren 13an, Leioa-Erandioko Lan Harremanetarako Unibertsitate-Eskolako 'Roseton' Ekitaldi Aretoan aurkeztu zen Nazioarteko Ikasketen Master eta Doktoradutza. Masterrak kalitatearen aipua hartu zuen iazko ikasturtean eta bere baitan herrialde askotako ikasteak biltzen ditu, tartean Frantzia, Bielorrusia, Filipinak, Uganda, Afganistan, Argentina, Txile, Venezuela, Kolonbia eta Mexikokoak.

Gehiago irakurri...


Jaurlaritzak ez ditu Ordezkaritzak itxiko, baina bai euren aurrekontua 'doituko' eta zinez apalduko

2009/10/15

Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia (argazkia Euskalkultura.com) Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Guillermo Echeniquek, agerpena egin zuen atzo Legebiltzarrean, Lopezen Gobernuak alor horri buruz segitu behar dituen ildo nagusiak aurkezteko. EuskalKultura.com-ek ezarria dauka datozen egunetan hitzordua Echeniquerekin mintzatu eta Diasporaren alorrean egon daitezkeen kezka eta galdera nagusiei buruz jarduteko eta orrialde hauetara ekartzeko. Hori egin bitartean, informazioa gaztelaniaz Europa Press-ek jaso bezala irakurri nahi duenak, jo dezake beheko loturara. Pazientzia pixkat duenak, datozen egunetan izango du orrialde honetan, euskaraz.

Gehiago irakurri...


Argentinako Euskal Etxeek Diasporaren 'sentimentu abertzalea' aldarrikatu diote gutunez Jaurlaritzari

2009/10/15

FEVAren logoa (argazkia EuskalKultura.com) El Mundo egunkariaren euskal edizioak artikulua zekarren atzoko edizioan, M. Ramirez-ek sinatua, Argentinako FEVAren eta Eusko Jaurlaritzaren artean azken asteotan gutunez izandako harremana aipatzen. FEVAk gutun gogor bat bidali zion irailean Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzari, eta gutun horren edukia eta Jaurlaritzak emandako erantzuna aipatzen ditu artikuluak. Duen interesagatik, datozen lerroetara ekarri dugu, jatorriz idatzita dagoen hizkuntzan, gaztelaniaz, alegia.

Gehiago irakurri...


Kirmen Uribe idazle eta poeta ondarroarrari eman diote 2009ko Espainiako Narratiba Saria

2009/10/15

Kirmen Uribe idazle ondarroarra Iaz euskaraz argitara eman zuen 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberriarengatik eman diote Kirmen Uribe idazle euskaldunari Espainiako Narratiba Saria. Espainiako Kultura Ministerioak banatzen duen Sari hau hamabi laguneko epaimahai batek erabakitzen du eta Espainiako estatuko hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzitako liburuak izan daitezke hautagai. Egilea harritu egin atzo saria eman ziotela jakindakoan, baina esan zuen oso momentu onean datorkiola, nobelaren gaztelaniazko argitaldaririk gabe baitzebilen eta sariak bultzada berria ekarriko omen dio 'Bilbao-New York-Bilbao'ri.

Gehiago irakurri...


Argazki mostrak eta Mikel Ezkerroren hitzaldi bat Trenque Lauquen-en, Immigrantearen Eguna ospatzeko

2009/10/15

Argazki erakusketak 'Los caminos del vino' jatetxean Eusko Jaurlaritza eta Argentinako Euskal Erakundeen Federazioaren (FEVA) lankidetza medio abiarazi dira iaz Argentinan 'Euskal Herriko Baserriak' eta 'Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan' erakusketak. Geroztik, erakusketok euskal etxez euskal etxe ibili dira, bisitatu dituzten herri guztietan Euskal Herriko koloreak eta soinuak utziz. Baita Trenque Lauquen-en ere. Buenos Aires probintziako hiri honetan, Immigrantearen egunean --irailaren 4an-- inauguratu zen erakustaldia, hilabete oso bat bertako taberna batean egoteko. Ekimenari amaiera emateko bertako Euskal Sustraiak Euskal Etxekoek Mikel Ezkerroren hitzaldi bat antolatu zuten urriaren 3an.

Gehiago irakurri...


Iñigo Arruti, Hilton hoteleko zuzendaria: «Istanbulgo mezkiten kantuak Laboa dakarkit gogora»

2009/10/15

Iñigo Arruti Txikitatik bizi izan du ostalaritza gertutik. Turismo ikasketak egin, eta egun Istanbulen dago, bost izarreko hotela zuzentzen. Tolosarra da, eta 1994an hasi zen munduan hotelen munduan: Txileko Santiago, Bartzelona, Lisboa, Paris, Madril... 390 langile dauzka orain Istanbulen bere esanetara. Urtzi Urrutikoetxeak eginiko elkarrizketa atzo eman zuen argitara Berria egunkariak.

Gehiago irakurri...


Alemanian dira Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe eta Karmele Jaio, euren liburuak alemanez aurkezteko

2009/10/14

Bihar arratsaldeko hitzordura deitzen duen afixa Egitarau betea izango dute bihar Frankfurten Harkaitz Cano, Karmele Jaio eta Miren Agur Meabe euskal idazleek, goizez mahai inguru batean parte hartzen, atzo hasi zen Liburu Azokaren baitan, eta arratsaldez, Azokako programatik kanpo, argitaletxe alemanek euskal lanak alemanez argitaratzen daramaten ildoko bi izenburu aurkezten, Goethe Unibertsitatean, Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxea tarteko. Karmele Jaioren 'Mutters Hände' (jatorriz 'Amaren eskuak') eta Harkaitz Canoren 'Pasaia Blues' (izen berekoa euskaraz ere) dira irakurle alemanek zuzenean euren hizkuntzan irakurri ditzaketen aipatu bi azken liburuak eta egileen ahotsek azaldutako aurkezpenean bihar ezagutu ahal izango dituztenak.

Gehiago irakurri...


Fabio Aristimunhoren euskal, katalan, galiziar eta espainiar poesia liburuez artikulua argitaratu du O Globok

2009/10/14

Joan den ostiralean O Globok argitara emandako artikulu edo erreseina Brasilgo 'O Globo' egunkari garrantzitsuak, Fabio Aristimunho Vargas poeta eta itzultzaileak espainiar, galiziar, katalan eta euskal poesiez portugesez plazaratu dituen sail bereko lau liburuez artikulu erreseina argitaratu zuen joan den ostiralean. Bella Jozef irakasleak sinatzen du lana 'Herrialde baten aurpegi anitzak' izenburupean, eta aukera edertzat jotzen ditu liburuak Brasilen gutxi ezagutzen diren literatura hauetara hurbildu eta konturatzeko horra bildu dena zatiño txiki bat baino ez dela.

Gehiago irakurri...


Gaztelubideko koralak meza abestua eta egun osoko plan girotua agintzen du Shanghain, bertako EEaren eskutik

2009/10/14

Shanghaiko Txinako Euskal Etxearen logoa Bisita luzatuko diete Donostiako Gaztelubideko abesbatzako kantari eta lagunek Shanghaiko Euskal Etxeko euskaldunei. Datorren igandean, urriaren 18an izango da, eta egun osoko kantu giroa agintzen du heldu zaigun gonbidapenak. Ekitaldiak goizeko hamarretan hasiko dira, talde bisitaria Shanghaiko Euskal Etxearen egoitzara iritsi eta harrera ekitaldia egingo zaionean. Eguerdian, ostera, meza abestua gauzatuko du koralak, Saint Peter elizan. Ondotik, senidetasun bazkaria egingo da Chinoise Story jatetxean, kantuak eta ikuskizuna barik 'entzunkizuna' programako parte. Shanghaira hurbiltzen diren Txinako euskaldunek denbora luzean gogoan gordeko duten oroitzapenaren itxura hartua du hitzorduak. Euskal Etxetik, baina, bazkarirako erreserbak astearte gaueko hamarrak aurretik egitea eskatzen dute.

Gehiago irakurri...


Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeak 2009ko Euskal Asteko behin betiko egitaraua plazaratu du

2009/10/13

Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxearen egoitza Jakina denez Buenos Aires probintzia hego-mendebaldeko Bahia Blanca hirian izango da aurten Argentinako Euskal Aste Nazionala eta horri dagokionez plazartu berria du bertako Union Vasca Euskal Etxeak urriaren 26tik azaroaren 1era arte garatuko den hitzordu horren behin betirako egitaraua. Ekitaldiak urriaren 26an, astelehenez, hasiko dira Euskal Baserriei buruzko argazki erakusketa batekin Euskal Etxearen egoitzan; eta igandez, azaroaren 1ean bukatuko, ohiko senidetasun bazkariarekin, FISA delako aretoan.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia