euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'era bildu ziren zaleak NABOko 34. Pilota Txapelketaz gozatzeko

2009/09/11

Emakumezkoen Pelota Goma binakako partida, BCCeko Evelyne Etcharren/Maitexa Cuburu Bakersfield-eko Kern County Basque Club-eko Michelle Saldubehere/Teresa Iparraguirre bikotearen kontra, seguruenik borrokatuena aurtengo NABO Pilota Txapelketan
Emakumezkoen Pelota Goma binakako partida, BCCeko Evelyne Etcharren/Maitexa Cuburu Bakersfield-eko Kern County Basque Club-eko Michelle Saldubehere/Teresa Iparraguirre bikotearen kontra, seguruenik borrokatuena aurtengo NABO Pilota Txapelketan

PUBLIZITATEA

South San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'eko kirol instalazioek bildu dute Kalifornian Abuztuaren 28 eta 29an NABOko Pilota Txapelketaren 34. edizioa. Pilotari gizon zein emakumeak lau lekutatik helduak dira --Idahoko Boisetik, eta Kaliforniako Chino, Bakersfield eta San Frantziskotik-- eta partidak buru-belarri segitu dituzten publiko atxikia lortu dute. Gizonezkoetan, 'Paleta B'n, Urruty/Chiramberro bikotea izan da garaile; 'Esku huskako B'n, Etchebehere/Falxa; Emakumeen paleta goman, Etcharren/Cuburu; Gizonezkoetan esku huska banaka, Javier de Luz; beteranoetan, paleta goman binaka, Javier Andueza/Pierre Irola; Emakumeen paleta goma argentinan, Bushman-Ocafrain/Etcharren; Esku huska binaka, 'A klase'an, De Luz/Petrissans. Azkenik, 'Paleta Goma A'-n, Dalia/Iriartborde izan da NABO bikote txapelduna.

San Frantzisko, Estatu Batuak. Estatu Batuetako NABO Pilota Txapelketa San Frantziskoko Basque Cultural Center delakoaren pilotalekuan egin dira, bertako euskal festekin batera (ikus albiste berezituak), abuztuko hondar-hondarreko egunetan, esan nahi baita 28 eta 29an. Hamabigarrenez egin dira NABOko partidak hemen, aurtengoan lau lekutako ordezkariak partaide: Boisetik, Chinotik, Bakersfield-etik eta South San Frantzisko bertatik etorriak.

Udan zehar maila lokalean eginiko norgehiagokez gain, ostegunarekin batera finalaurrekoak egin ziren San Frantziskon. B motako Paleta gomari dagokionez, Bakersfield-eko egungo NABO txapeldunek, Echeverria eta Fanucci, izerdia atera zuten San Frantziskoko bikotearen aurrean, Urruty/chiramberro, eta 35-25 galdu zuten txapela. B motako esku huskako finaletan, berriz, Basque Cultural Center-eko (BCC) Gratien Etchebehere eta John Falxa atzera eta aurrera ibili ziren Boiseko Lino Zabala/Edu Sarria bikotearen kontra, nagusitzen joan eta azkenean 25-17 irabazi zuten arte.

Partida zirraragarriak

Animatua izan zen oso emazteen jokoa, paleta goman BCCeko Evelyne Etcharren/Maitexa Cuburu Bakersfield-eko Kern County Basque Club-eko Michelle Saldubehere/Teresa Iparraguirre bikotearen kontra. Hasieran momentu batean lortutako 16-5 puntuetatik, bukaerako 35-29ra pasatu zen, emozio handiko partida batean, borroka bizi izan baitzen txapela nork etxera eramango.

Esku huska banaka, Zumarragakoa izanik aspaldian Kalifornian bizi den Javier de Luz-ek San Frantziskoko Remi Cuburu-ri hartu zion gaina 22-5. Paleta goma beteranoen kategorian (50 urtetarik goiti), Javier Andueza eta Pierre Irola bikoteak (biak 1982an Mexikoko Mundu Txapelketan Estatu Batuetako ordezkari izan zirenak), Boise Fronton Association-eko Lino Zabala/John Aldaperi irabazi zieten 35-12.  Gauza beretsua gertatu zen emaztekien paleta goma argentina-n, San Frantziskoko Bushman-Ocafrain/Etcharren bikoteak Boiseko Ziganda/Iribarren -Gorrindo bikoteari irabazirik. Esdu huskako dobleetan, A klasean, Hego Kaliforniako De Luz/Petrissans bikoteak garaipena lortu zuten San Frantziskoko Alfaro/Cubururen aurrean.

Heldu den urtean Boisen, Jaialdi-rekin batera

Azkenik, A klaseko paleta gomari dagokionez, orain arteko NABO txapeldunak, Bakersfield-eko Patrick Etchebarne eta John Bidart, San Frantziskoko Gabriel Dalia eta Robert Iriartborderen kontra aritu ziren. Azken hauek bereganatu zuten txapela, 35-17ko markagailuaz.

NABO Pilota Txapelketa bere 35. ediziora helduko da datorren urtean, eta Boiseko Anduiza hoteleko kantxan gauzatuko da, Boiseko Jaialdi jai ospetsuko eta NABOko Biltzar Nagusiko programaren barnean.

Lotura interesgarriak

NABOko Pilota Saila
www.nabasque.org/NABO/Pilota.htm

Estatu Batuetako Pilota Federazioa
www.usapelota.com

San Frantziskoko Basque Cultural Center
www.sfbcc.us
www.basqueculturalcenter.com

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia