euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldia Anita Arduain, Pierro Etcharren eta Mayi Etcheverryri San Frantziskoko BCCen 27. urteurrenean

2009/02/06

San Frantziskoko Basque Cultural Center-a
San Frantziskoko Basque Cultural Center-a

PUBLIZITATEA

Pilota, euskal dantzak eta Bizi Emankorra sariak izango dira San Frantziskoko Basque Cultural Center elkartearen 27. urteurreneko jaiaren ardatza. Elkartea Kaliforniako hiri honetako euskal komunitatearen topagunea da eta kide asko bilduko dira datorren ostegunean --otsailak 12-- hasi eta igandean bukatuko den jaialdira. Ekitaldiak Pala Motzeko Ireki batekin hasiko dira, ostegunean, eta asteburuan zehar dantza lantegiak, erreki-jatea, dantzaldiak eta Bizi Emankorra sarien emanaldia izango dira gozagarri, azken hauek Anita Arduain, Pierro Etcharren eta Mayi Etcheverryri emanik.

San Frantzisko, AEB. Basque Cultural Center-ek (BCC) 27 urte bete ditu San Frantziskoko euskal komunitatearen bilgune nagusi bezala eta arduradunek, urtero legez, hainbat ekitaldi antolatu dituzte urtemuga ospatzeko. Ospakizunak datorren asteko ostegunean hasiko dira, otsailaren 12an, Pala Motzeko Txapelketa Ireki batekin. Lehiakideak honakoak izango dira: Uribarri-Galán (EH-Asturias), Fusto-Muñoz (Argentina), Gaubeka-Andonegi (EH Mistoa), eta Basabe-Olano (Euskal Selekzioa). Finalerdiak ostegunean egingo dira eta larunbatean jokatuko da finala. Partidak ikusi ahal izateko 10 dolarreko sarrera ordaindu beharko da (bildutako dirua elkarteko gazteentzako pilota programa sustatzeko baliatuko da). Txapelketa BCCek eta Munduko Pilota Batzarrak antolatu dute.

Larunbatean eguna Josema Mendiola dantzari añorgatarrak eskainiko duen fandango lantegiarekin hasiko da. Mendiola AEBetan zehar bira egiten ari da, dantza talde euskal-amerikarrei ikastaroak emanez. Tartean sekula dantza egin ez dutenentzat hainbat lantegi eskainiko ditu ere, horien artean San Frantziskoko hau, BCCen egoitzan 14:30tatik aurrera eta doan.

Arratsaldeko lauetan Pala Motzeko Irekiaren finalak jokatuko dira eta ondoren, seietan, elkarteko kide eta lagunek errekia afalduko dute. Afariaren prezioa, 25 dolar helduentzako eta 7 dolar 12 urtetik beherako haurrentzako. Aldez aurretik izen-ematea beharrezkoa da. Afalostean dantzaldia egingo da Utah-tik propio etorritako Jean Flesher Orchestra taldearekin.

Bizi Emankorra sariak

Igandean eguna indarrez hasteko elkarteko kideek txokolate eta kruasan gosaria jarriko dute salgai. Ondoren Euskal Meza eskainiko du Lastiri Aitak eta elizkizunean Elgarrekin abesbatzak, Klikak, Txistulariek eta Zazpiak Bat eta Gazteak dantza taldeek ere parte hartuko dute. Mezaren ostean Bizi Emankorra 2009 sariak banatuko dira, euskal komunitatearen alde lan egin duten lagunei omenaldia eginez. Aurtengo irabazleak San Frantziskoko euskal komunitatean lan frango eginiko Anita Arduain, Pierro Etcharren eta Mayi Etcheverry dira, San Frantzisko barne zein kanpoko euskaldunen artean aurkezpenik  behar ez duten pertsonak.

Eguerditik aurrera, jaian parte hartzen dutenek arkume barbakoa dastatu ahal izango dute (25$ helduek eta 7$ 12 urtetik beherako haurrek; aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da). Bazkalostean, 15:00tan, euskal pilota erakustaldia emango dute Euskal Herriko Pilota Federazioko txapeldunek eta jaialdiari bukaera emanez 16:00tan Euskal Herritik etorritako pilotariek pala motzeko erakustaldia eskainiko dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia