St Pierre, St Pierre eta Miquelon. Abuztua ospakizun garaia da urtero Saint Pierre eta Mikeluneko (SPM) euskal komunitatearentzat, 15aren inguruan antolatzen baititu Frantziako parte izanik Ipar Amerikan, Kanada bertan duela dagoen artxipelago honek bere Euskal Besta, aurten 43. edizioan. Euskaldunak, izan ere, bertako historiako parte dira eta horixe aldarrikatzen du ikurrina SPMeko banderako osagai izateak. Euskal Besta abuztuaren 10etik 16ra egingo da aurten eta bozkario berezia izango du, 120 urte betetzen baititu Saint Pîerreko Zazpiak Bat frontoiak. Artikulu honetan, lehenik joan den uztailaren 17an ospatu zuten Urazandi ekitaldiko berri jasoko dugu, laugarren urtez egina bertako euskal elkarteetako arraunlarien, kantarien eta dantzarien eskutik, Pointe aux Canons-en, itsasoko brisak lagun; ondoren abuztuko Euskal Besta eta frontoiaren 120. urteurrena aipatuz.
Urazandi izenez bataiatua, uztailaren 17an laugarren urtez egin zen Urazandi, euskal folklore eta tradizio erakustaldia, "gure euskal arrantzale arbasoei egindako omenaldia", partaide izanik SPMko euskal ondarearen segida daramaten hiru jarduera nagusiek (pilotarekin batera): arraunak, biltoki ezarritako itsasargirainoko bidea euskal traineruz eginda arraunlariek; dantzak, Saint Pierreko 'Orok Bat' euskal dantza taldeko dantzarien eskutik; eta kantua, betiko eta egungo euskal kantuen selekzio bat eskainiz 'Bankuen Korua' abesbatzak.

Gozatuz gozarazi, SPMko 'Bankuen Korua' abesbatzak euskal kantuak aireratu zituen

Trainerua itsasoratu zuten arraunlariek ordubeteko paseoa egiteko biltoki zen itsasarginaino
Euskal Bestaren 43. edizioa
Baina udako ospakizunek jarraipena izango dute Kanaditik 20 kilometrora baino ez dagoen artxipelago honetan. Saint Pierre eta Mikeluneko euskal gizataldearen Euskal Besta abuztuaren 10etik 16ra izango da aurten, programa bozkario handiz iragartzen duela Saint Pierre erdian kokatzen den Zazpiak Bat frontoiaren 120. urteurrenaren ospakizuna. Urtebetetzea dotore ospatzeko, frontoiari pintura astindua eman diote, Udala lagun, mantenimendu konponketa txiki batzuk eginez, eta 120 urte hauei buruzko dokumental bat estreinatuko dute.
Euskal Jaialdiaren programa barruan, gainera, kirol arloan eta Frantziako Euskal Pilota Federazioarekin batera antolatuta, ‘Challenge France’ Txapelketa jokatuko da, azken 30 urteetan lehen aldiz bertan. Eta kirol ekintzak ez ezik, kultura eta sukaldaritza saioak ere batuko ditu aurtengo jaialdiaren programak. Hona egitaraua:
Abuztuak 10, astelehena
- 14:00etatik 16:30era, ehun-gai eta jantzien salmenta Euskal Etxean
Abuztuak 11, asteartea
- 15:30etik 20:00etara: Emakumezkoen Pilota Txapelketa eta gizonezkoen ‘Challenge France’ Txapelketa
- 16:00etan: Taberna eta pintxoak
- 17:30ean: Orok-Bat taldearen dantza erakustaldia eta Euskal Herritik etorritako Karma musika taldea (Maison Églantine)
- 20:00etan: Itxiera
- 21:00etan: Bankuen Korua abesbatzaren kontzertua (Katedraleko kaperan)
Abuztuak 12, asteazkena
- 15:30etik 20:00etara: Emakumezkoen Pilota Txapelketa eta gizonezkoen ‘Challenge France’
- 16:00etan: Taberna, pintxoak eta euskal pastela
- 19:00etan: Balmoruak eta Orok-Bat taldeek antolatutako afaria: Chili Basque eta paniniak
- 20:30etik aurrera: Euskal Herriko Karma taldearen emanaldia
Abuztuak 13, osteguna
- 14:30etik 16:00etara: CCASeko gazteentzako euskal jolasak
- 16:00etan: Taberna eta euskal pastela
- 17:00etatik 20:00etara: Emakumezkoen Pilota Txapelketa eta gizonezkoen ‘Challenge France’
- 18:30ean: Orok-Bat dantza taldearen erakustaldia
- 19:00etan: Bankuen Koruak eta Euskal Etxeak antolatutako afaria
- 20:30ean: Michel Detcheverryren musika emanaldia
Abuztuak 14, ostirala
- 15:30etik 20:00etara: Emakumezkoen Pilota Txapelketa eta gizonezkoen ‘Challenge France’
- 16:00etan: Taberna eta pintxoak
- 19:00etan: Bankuen Korua abesbatzaren ibilaldia jatetxe eta tabernetan barrena
- 20:00etan: Itxiera
- 22:30ean: Karma taldearen emanaldia (Le Rustique tabernan)
Abuztuak 15, larunbata
- 14:00etatik 20:00etara: Emakumezkoen Pilota Txapelketako finalerdiak eta ‘Challenge France’ko final-laurdenak
- 14:45etik aurrera: Orok-Bat taldearen dantza erakustaldiak, partiden artean
- 16:00etan: Taberna, pintxoak eta euskal pastela
- 19:00etan: Zazpiak-Bat frontoiak eta Itsasotarrak taldeak antolatutako afaria
- 20:30etan: Robin Chartierren musika emanaldia
- 21:00etan: Frontoiaren 120. urteurrenari buruzko dokumentala
Abuztuak 16, igandea
- 12:00etan: Taberna, pintxoak eta euskal gastronomia
- 13:00etan: Orok-Bat taldearen erakustaldia eta Bankuen Korua abesbatzaren emanaldia
- 14:00etatik 16:00etara: ‘Challenge France’ Txapelketa finalerdiak
- 16:00etan: Orok-Baten dantza erakustaldia
- 17:00etan: Emakumezkoen Pilota Txapelketaren finala
- 18:00etan: ‘Challenge France’ Txapelketaren finala
- 19:00etan: Sari banaketa
- 20:00etan: Taberna eta otordu zerbitzua
- 20:30etik aurrera: Jaialdiaren amaierako musika emanaldia, Karma taldearen eskutik
- 21:00etan: Frontoiaren 120. urteurrenari buruzko dokumentalaren proiekzioa
Jaialdiaren antolatzaileak sareetan: Pelote Basque, Orok-Bat SPM, Bankuen Korua

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



