euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Picon Punch", pikona, euskal immigranteen edari "Basque" markaduna, estatu-edaritzat onartu dute legegileek Nevadan

2025/06/20

Oraintsu arte "Nevadako estatu-edari ez-ofiziala" deitua, orain ofizialki onartu dute pikona bertako estatu-edaritzat (arg Las Vegas R-J)
Oraintsu arte "Nevadako estatu-edari ez-ofiziala" deitua, orain ofizialki onartu dute pikona bertako estatu-edaritzat (arg Las Vegas R-J)

PUBLIZITATEA

Carson City, Nevada, AEB. Kostatu zaio, baina azkeneko saiakerak eman ditu fruituak eta euskaldunen Picon Punch-a Nevadako estatu-edari izendatu dute. Halaxe sinatu zuen Nevadako legealdiaren azken honetan, ekainaren 9an, Estatuko gobernadore Joe Lombardok, aurretik urteetan zehar zenbait aldiz saiatu izan dena azkenik gauzatuz. Lege-proiektua, "Bill 375" izenpean, Steve Yeager demokrataren eta Bert Gurr errepublikanoaren babesean aurkeztua, 41-1 onartu zuten Asanblean, eta 20-1 Senatuan, lehenengoan Heidi Kasama errepubikanoaren eta bigarrenean Marilyn Dondero Loop senatariaren aurkako bozka bakarrekin. Onartu zuten Nevadaren euskal historia aberatsari keinu bezala. Baina zer da "Picon Punch" delako hori, Nevadan goratua eta Euskal Herrian askok ezagutzen ez dutena?

Estatu Batu Mendebaldeko euskal ostatuetako edari klasiko bat da, tragu arras alkoholduna, cocktail azkarra, Nevadako eta inguruko estatuetan egungo euskal jatetxe eta kantina historiko eta berrietan "Basque" markadun legez zerbitzatzen dutena. Jatorria euskal immigranteei lotua du, eta Nevadan bertan, esaterako, Elkoko Star hotelean, Winnemuccako Martin hotelean, Renoko Louis Basque Corner-en edota Gardnervilleko JT euskal kantinan-eta harro diote eurena dela estatuko Picon-ik onena. Osagaiak aldatu izan ditu historian, bereziki Frantziatik zekarkiten Amer Picon osagaia merkatutik desagertu zenean.

Historia eta osagaiak apur bat gehiago ezagutu nahi badituzu, hona joan den abenduan Jessica Hill-ek Las Vegas Review-Journalen argitaratutako artikulua. Eta bideo bat, JTko Etienne Lekumberry-ren hitzarekin, legea onartu izana komentatuz.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia