euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Vasconia Florida: arrakastaz mintzatu zen Juan Pedro Arin, Bigarren Mendeurrena eta txirrindulariaren alde Gasteizen

2025/06/23

Juan Pedro Arinek Floridan ekainaren 18an emandako hitzaldia, Sabino Arana eta abertzaletasuna solasgai, Vasconia Florida antolatzaile
Juan Pedro Arinek Floridan ekainaren 18an emandako hitzaldia, Sabino Arana eta abertzaletasuna solasgai, Vasconia Florida antolatzaile

PUBLIZITATEA

Florida, Uruguai. Florida hirian egingo dira datorren abuztuaren 25ean Uruguaiko Independentzia aldarrikatu zeneko Bigarren Mendeurreneko ekitaldi garrantzitsuak eta bertako Vasconia Florida Euskal Etxeak bat egingo du antolatutako ekintzekin. Tartean, abuztura aurreratuko du Elkarteak bere urteroko bazkaria –normalean azaroan egin ohi dute– eta 180 bat lagun biltzeko asmoa duen euskal elkarretaratzean ospatuko dute Uruguaiko Eguna, menuan zein animazioan euskal ezaugarri nabariak izango dituen saio batean. Ez da ahaztu behar Uruguairen Independentzia 1825eko abuztuaren 25ean aldarrikatu zela Florida ondoko Piedra Alta parajean.

“Gure herrialdearen Bigarren Mendeurreneko ospakizuna urte osoan ospatuko dugun egutegi berezi bateko parte izango da, izan ere hemen Floridan hasi baitzen  gure independentziaren prozesua”, baietsi dio EuskalKultura.eus-i Servando Echeverria bertako Vasconia Floridako lehendakariak. “Seguru gaude jendeak gogotsu parte hartuko duela, hala gertatu ohi da-eta egiten ditugun deialdi guztietan, ongi errotutako euskal sentimendu nabaria baitago gure biztanleen artean”, diosku. Echeverria kontent agertu da, izan ere, elkarteak joan den asteazkenean, ekainaren 15ean, antolatutako hitzaldiaren partaidetzarekin, Montevideotik etorrita egun horretan Juan Pedro Arin mintzatu baizitzaien. Gogora dezagun bertan bizi ez bada ere Vasconia Floridako bazkide den Arin, munduko euskal etxeen ordezkari hautetsia dela Lehendakariaren Euskal Gizataldeen gaietarako Aholku Batzordean.


FIVUko lagunek lagundu zioten Juan Pedro Arin-i (ezk.) Vasconia Floridara egindako bisitan


Floridako Euskal Etxeko bazkide ere baden Juan Pedro Arinek eskainitako hitzaldiaren hasiera

45 bat jende bildu ziren hiriko Nekazaritza Elkartera Juan Pedro Arinek eskainitako hitzaldira, Sabino Arana eta lehenengo euskal abertzaletasuna solasgai harturik. Bertaratutakoek interes handiz segitu zuten emanaldia eta haren ondotik topa egin zuten elkarrekin, solasaldi animatuak lagun.

Floridako txirrindularia Gasteizen

Aipatzekoa baita ere, Florida bertako gazte baten alde elkarteak sustatutako elkartasun ekimena. Luis Pablo Puentes, 17 urteko txirrindulari floridatar bat da "eta Euskal Herrira joateko gonbitea jaso zuen, han korritzeko. Gasteizko Hegotarrak Txirrindularitza taldeak fitxatu eta gonbidatu zuen han egonaldi bat egin zezan". "Honelakoetan maiz gertatzen den bezala, familiari oso zaila egiten zitzaion bidaia gastuei aurre egitea eta kanpaina solidario bat antolatu genuen. Paella erraldoia prestatu genuen saltzeko eta dirua biltzeko”, adierazi digu Echeverriak.


Luis Pablo Puentes (ezkerrean) Gazteizen, Hegotarrak Taldeko txirrindulari lagunekin

Paellak arrakasta nabaria lortu zuen –200 bat razio saldu zituzten– eta txirrindukari floridatarra Euskal Herrian dabil gaur egun bertako taldearekin entrenatzen. "Are gehiago, egonaldia hiru hilabetekoa zen hasieran, baina orain hiru hilabete gehiago geratzera gonbidatu dute”, azaldu dio harro Echeverriak gure buletinari.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia