euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Musikaren Besta kari, Frantziako euskal abesbatz eta elkarteak kalera aterako dira gaur

2013/06/21

Iaz Bordeleko Euskal Etxeak antolatu zuen Musikaren Besta jaia (argazkia BordeleEE)
Iaz Bordeleko Euskal Etxeak antolatu zuen Musikaren Besta jaia (argazkia BordeleEE)

PUBLIZITATEA

Musikaren Besta ospatzen da gaur munduan zehar eta hainbat euskal etxek eta Diasporako abesbatzek ekitaldiarekin bat egingo dute. Frantzian egun hau ospatzeko ohiturak indar handia du eta, esaterako, Parisen eta Bordelen egingo diren zenbait ekitaldiren berri jaso dugu. Frantziako hiriburuan Anaiki gizonezkoen abesbatzak kontzertua emango du Notre Dame du Travail elizan, Neskatxenean emakumeen koruarekin batera. Bordelen, Euskaldunen Biltzarra elkarteak beste egitarau zabala antolatu du, urtero legez, Place des Basques enparantzan.

Bordele, Frantzia. Euskal giro bikaina izango da gaur arratsean Bordeleko Place des Basques enparantzan, euskal etxeak antolatu duen Musikaren Besta ekitaldiari esker. Urtero, egitarau oparoa prestatzen du Euskaldunen Biltzarra elkarte bordelesak egun hau ospatzeko. Arratsaldeko 19:15etan abiatuko da festa, Alain Selva taldearen kontzertuarekin. Ondotik, 20:00tan euskal etxeko Bestalariak abesbatzak kontzertua emango du, eta, jarraian, Etxeko Soinuak taldeko kideek txistu eta eskusoinu emanaldia eskainiko dute.

Gaueko bederatzi eta erdiak aldera Etxekoak gizonezkoen korua igoko da taula gainera eta, egunari bukaera bizi-bizia emateko, 22:15etan  dantzaldia egingo da, Donibane Garaziko Mizpirarrak talde gaztearekin. Ekitaldiari buruzko informazio osoa, Bordeleko Euskal Etxearen webgunean, hemen

Parisen, Anaiki taldea kantuz

Frantziako hiriburuan ere euskaldunek ekarpen polita egingo diote Musikaren Egunari, Anaiki gizonezkoen koralak emango duen kontzertuarekin. Kontzertua Notre-Dame du Travail elizan egingo da eta Anaikiko kideekin batera, Neskatxena emakumeen taldeak ere parte hartuko du emanaldian, zenbait abesti kantatuz.

-Anaiki koruaren webgunea, hemen
-Iparralden egingo diren beste zenbait ekitaldiren berri, Euskal Kultur Erakundearen atarian




« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia