Mexiko hiria, Mexiko. Uztailaren 18tik 20ra burutu da Eskolen Arteko Esku Pilota Txapelketaren XII. edizioa Basaurin (Bizkaia), bertako Bidebieta Pilota Taldea antolatzaile. Ekitaldia Espainiako Estatu mailakoa izan da eta Bartzelona, Valentzia, Madril, Zaragoza, Errioxa, Salamanca, Soria, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 300 bat pilotari bildu ditu. Kanpoko talde batek ere hartu zuen parte baina: anfitrioiek gonbidaturik, 'Lauburu México' Eskolako 14 pilotarik Eskolarteko Txapelketan jokatzeko aukera izan zuten, Mexikon ikasitakoa Euskal Herriko frontoietan erakusteko.
Eskolen arteko XII. Esku Pilota Txapelketa frontoi hauetan jokatu zen: San Migel, Artunduaga, Soloarte, Basauri Ikastetxea eta Basozelai-Gaztelu. Argazkian, pre-benjaminen finala
Kirol ekitaldiaren programa uztailaren 18an, ostiralean, jarri zen martxan eta partidak ez ezik, gazteen arteko harremanak sustatzeko hainbat proposamen ere antolatu zituzten basauritarrek… topaketak, ‘Elektrotxaranga’ Basauriko kaleetan, DJ ikuskizuna eta Txapelketa bukatzeko luntxa. Mexikoko taldeak, gainera, momentu batzuk bereizi zituen Bilboko leku esanguratsuenak ezagutzeko, tartean Guggenheim Museoa, itsasadarreko zubiak, Alde Zaharra…
Pilotari bisitariak Bilboko Alde Zaharrean
Zazpi kategoriatan banaturik –pre-benjamin, benjamin, alevin, infantil, kadete, gazte eta senior izenpean– kirolari mexikarrek europarren kontra jokatu zuten, emaitzek lehentasuna ez zuten ekitaldi batean. Mikel Karrillo Garikano Bidebieta Pilota Taldearen arduradunaren esanetan, “ez da ohiko txapelketa izan; helburua kultura eta balioak konpartitzea izan baita”.
Talde mexikarreko entrenatzaileak bat datoz Bidebieta Pilota Taldeko arduradunarekin eta haiek ere azpimarratu dute lehiaketaz aparte bizi izandako guztia: “Gure gazteak oso pozik daude; batzuk txapeldun geratu zirelako baina besteak, eta guztiak, oso kontent lagun berriekin, ezagutu zituzten lekuekin eta ikasitakoarekin”, adierazi du Daniela Vargas ‘Lauburu México’ Eskolako entrenatzaileak.
Bidaia bukatuta, pilotari mexikarrak bueltan daude eta hasi dira jadanik datorren urteko Eskolarteko Txapelketarako entrenatzen.