euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Munduko euskaldunen Aberri Eguneko ospakizun gehiago: Las Vegas, San Salvador, Montevideo...

2013/04/23

Amaya Beristain eta bere ilobetako bi, Las Vegaseko euskal etxearen Aberri Egunean (argazkia LasVegasEE)
Amaya Beristain eta bere ilobetako bi, Las Vegaseko euskal etxearen Aberri Egunean (argazkia LasVegasEE)

PUBLIZITATEA

Diasporan zehar euskal etxe eta euskaldun talde askok Euskal Herrian baino geroago egin ohi dituzte Aberri Eguneko ospakizunak eta beraz oraindik ere zenbaiten berri ari da heltzen geurera. Estatu Batuetan, esaterako, Las Vegas hiriko Lagun Onak euskal etxeak hilaren 14ean egin zuen Aberri Eguneko jaia, Red Rock Canyon Parkean antolatu zuten piknik batekin. Aldiz, El Salvadorren, euskaldun talde batek Aberri Egunaren ospakizunaren baitan omenaldia eskaini zion euskaldun bati, Marta Gonzalez internazionalistari. Montevideon, Euskal Erria Euskal Etxekoek 101. urteurrena ospatu zuten Aberri Egunarekin batera.

Donostia-San Sebastian. Aberri Eguna berez Bazko Igandean ospatzen bada ere (aurten martxoaren 31n), Diasporan hainbat euskal etxek aste batzuk atzeratzea erabaki ohi dute, ahalik eta bazkide gehien bildu ahal izateko. Egunotan horietako batzuen berri ari gara jasotzen oraindik, hala nola, Las Vegaseko Lagun Onak euskal etxe estatubatuarrak egin zuen Aberri Eguneko piknikaren albistea. 

Elkarte honetako bazkideak iragan apirilaren 14ean bildu ziren, Red Rock Canyon Parke Nazionalean egin zen bazkarian. Giro aparta izan zen jaian, eta Amaya Beristain bazkideak eguneko argazki batzuk partekatu ditu gurekin.

Las Vegas Aberri Eguna 2013 

[Javier Yarza eta Jesus Goicoechea, Las Vegaseko Lagun Onak elkartearen Aberri Egunaz gozatzen (argazkia LasVegasEE)]

Marta Gonzalez gogoan El Salvadorren

El Salvadorretik ere heldu zaigu berririk; izan ere, Ertamerikako herrialde honetako euskaldun talde batek apirilaren 14ean ekitaldi berezi bat egin zuen Aberri Eguna ospatzeko. Nejapa herrian izan zen, eta bertara 40 bat euskaldun eta El Salvadorreko hainbat talderen ordezkaritzak (Frente Farabundo Martí para la Liberación Nacional taldea, esaterako) bildu ziren.

Ekitaldiak Marta Gonzalez euskal internazionalista izan zuen gogoan; halatan, bere senitartekoek eta lagunen berari buruzko eskutitzak irakurri zituzten. Marta Gonzalez (1980-1992) El Salvadorreko gudan hil zen.

Aurreko asteburuan, eta El Salvadorreko hiriburuan, bertako euskal etxeko kideak Aberri Eguneko elkarretaratze eta bazkari baten inguruan bildu ziren, kasu honetan bazkideen artean sukalde kontuetan trebeak diren zenbaiten abilezien emaitzak dastatzea deialdiko zati inportantea izanik.

Euskal Erria, Aberri Eguna eta urtemuga

Uruguaiko hiriburuan, Montevideon, Euskal Erria elkarteak apirilaren 12an egin zuen Aberri Eguna, elkartearen egoitzan antolatu zen lagunarteko afari batekin. Menua, honakoa izan zen: Udazkeneko entsalada, Oilaskoa txilindron erara, eta, postre moduan, Etxeko cassata txokolatearekin.

Montevideo Euskal Erria Aberri Eguna 2013

[Aberri Eguneko afarian giro ederra izan zen Euskal Erria elkartean (argazkia EuskalErria)]

Montevideo Euskal Erria Aberri Eguna 2013 2

[Agurtzane Aguado Euskal Erria elkarteko presidenteak Aberri Egunari eta euskal etxearen 101. urtemugari buruzko hitzalditxoa egin zuen (argazkia EuskalErria)]

Afaldu aurrretik, Agurtzane Aguado presidenteak hitzaldi labur bat egin zuen, Aberri Egunaren eta elkarteak bete dituen 101 urteen karira. Ondoren, Kultura Batzordeko Maite Lejarceguik Aberri Egunaren historiari buruzko kronika bat egin zuen. "Azalpen hori 30 ataletan banatu zuen eta atal bakoitzari buruzko informazioa irakurtzeko --euskaraz eta gaztelaniaz-- elkarteko bazkide bat atera zuen hitz egitera. Horrela, denek parte hartu ahal izan zuten ekitaldian", azaldu zaio EuskalKultura.com-i Euskal Erriatik.

Afarian lagunarteko giro bikaina izan zen, euskal musika alaiak lagunduta. Postreak atera baino lehen, elkarteko bazkideek "Zorionak zuri" abestu zioten elkarteari, Euskal Erriaren 101 urteak ospatuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia