euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

El Salvador-eko EEak EAJ-PNV eta EH Bildurekin bideokonferentzia egin zuen hauteskundeei begira

2012/10/18

El Salvadorreko Euskal Etxeak euskal politikariekin egin zuen bideokonferentziaren une bat (argazkia ElSalvadorEE)
El Salvadorreko Euskal Etxeak euskal politikariekin egin zuen bideokonferentziaren une bat (argazkia ElSalvadorEE)

PUBLIZITATEA

El Salvador-eko Euskal Etxeak Diasporaren munduan aitzindaria izan daitekeen jarduera egin zuen hil honen hasieran: euskal alderdi politikoekin bideokonferentzia bat, datozen igandeko haustekundeak direla eta. Internet bidez egin zen konferentzia eta EH Bilduko eta EAJ-PNVko bi ordezkarik parte hartu zuten bertan. PSEren ordezkari gisa Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari Guillermo Echeniquek parte hartu behar zuen, baina azken orduko arazoengatik ezin izan zen konektatu. Euskal Etxea PPrekin ere harremanetan jartzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.

San Salvador, El Salvador. El Salvador-eko Euskal Etxeak hauteskundeak direla eta ekitaldi berezia egin zuen hil honen hasieran, eta elkarteko kideek euskal alderdi politikoetako ordezkariekin aurrez-aurre (birtualki, bederen) hitz egiteko aukera izan zuten. Euskal etxeak jardueraren balioespen oso baikorra egin du eta biziki eskertu du bertan parte hartu zutenen lankidetza: EAJ-PNVren ordezkari izan zen Iñaki Goikoetxea, EBBko kidea eta Ardanzaren gobernuan Kanpo Harremaneterako idazkari nagusia; eta EH Bilduren aldetik Jon Etxabek parte hartu zuen.

Elkarteak jakinari duenez, PSEren ordezkari gisa egungo Kanpo Harremanetarako idazkariak, Guillermo Echeniquek, parte hartu behar zuen, baina azken uneko arazoak zirela eta (bidaia ofizialean zela), ezin izan zen konektatu. Euskal etxea PPrekin harremanetan jartzen saiatu zen, baina ez zuen lortu, adierazi digunez.

"Foroa oso interesgarria izan zen eta politikariek zoriondu egin gintuzten, horrelako ekitaldi bat antolatu duen euskal etxe bakarra izan garela esanez", azaldu dute elkartetik. "Solasaldia giro adeitsuan egin zen eta partehartzaileen aburuz oso ekilibratua izan zen, elkartean alderdi eta pentsakera guztientzako lekua dagoela erakutsiz". Solasaldia Skype bidez egin zen, elkarteko bazkide Julio, Amaia eta Gaizkaren laguntzari esker.

El Salvador Euskal Etxea 2012

[El Salvador-eko Euskal Etxeko kide multzo bat ikurrinarekin, bideokonferentzia amaitu eta gero (argazkia ElSalvadorEE)]

Euskaldunak El Salvador-en

Bestalde, iragan urriaren 4ean euskal etxeak gonbidatu gisa parte hartu zuen Herbert Erquicia historialariak eman zuen hitzaldian. Solasaldiaren gaia euskaldunen presentzia El Salvadorren, XVII eta XIX. mendeetan, izan zen (San Salvador de Guatemala izena zuen orduan lurraldeak).

El Salvador Herbert Erquicia 2012

 

[Herbert Erquiciak euskaldunen presentziari buruzko hitzaldi interesgarria eskaini zuen (argazkia ElSalvadorEE)]

Euskal etxeak hitzaldia oso interesgarria izan zela agertu du: "Herbert Erquiciak lur honetara etorri ziren euskaldunei buruz ezagutzen ez genuen istorioa erakutsi zigun eta gai honi eta beste askori buruz jakinminez utzi gaitu". Datozen asteetan hitzaldi berri bat antolatzeko aukera ari da aztertzen elkartea. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia