euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak Ibon Mendibelzua izendatu du Euskadiren Ordezkari Mexikon

2013/04/23

Ibon Mendibelzua (erdian) Euskadiren Ordezkari zenean Bruselan (argazkia Artechmedia.net)
Ibon Mendibelzua (erdian) Euskadiren Ordezkari zenean Bruselan (argazkia Artechmedia.net)

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak atzo Gasteizen eginiko bileran --astelehenera aurreratua Urkullu lehendakaria Bruselan baita gaur, europar hiribururako bere lehenenego bidaia ofizialean-- Ibon Mendibelzua Madariaga Euskadiren Ordezkaria Mexikon izendatu zuen. Izendapen honekin, Jaurlaritzaren bulego mexikarrak Ibarretxerekin zeukan Ordezkaritza maila berreskuratzen du, Patxi Lopezen gobernuarekin New Yorkeko Ordezkaritzaren menpe jarria baitzen.

Vitoria-Gasteiz. Izendapenaren berria atseginez jaso dute Mexikon, Urkulluren gobernuak eginiko lurralde banaketan Mexikok bere leku propioa berreskuratzen baitu, zuzenean Gasteizen menpekoa, bitartekaririk gabe. Lopezen agintealdian, Kanada, Mexiko eta Estatu Batuak New Yorkeko Euskadiren Ordezkaritzaren menpeko jarri ziren, Ipar Amerikako hiru herrialde hauek Sagar Handiaren baitan utziz. New Yorkeko Ordezkaritzarako, ordea, ez zen inor izendatu, eta kargua hutsik egon da legealdi osoan. Mexikok, berriz, harekiko dependentzia teorikoa zeukan, eta teknikari batek asumitua zuen 'Mexikoko Euskadiren Bulegoa'ren ardura.

Neurria begi onez ikusia izan da, gainera, Mexikon, buru doan pertsonaren soslaia ikusirik. Berrogeita hamar urte ez dituen profesionala da Ibon Mendibelzua, eskarmentuduna honelako lanetan, Ibarretxeren garaian Bruselako Euskadiren Ordezkaritzako buru baitzen, Ordezkari gisa.

Mexikon kontsultatu ditugun iturriek azpimarratu dute, baita ere, lotura garrantzitsuak dauzkala familia aldetik Ordezkari berriak Mexikorekin, amaren aldeko familiak erbestea ongi ezagutu zuelarik, Mexikon erroduna baita, urrunago joan gabe bere ama, iaz Algortan hil zen Garbiñe Madariaga Agirre, Agirre lehendakariaren iloba eta besoetakoa, bertan bizi izan zelarik gaztaroan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia