euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Korrika 18k oihartzun zabala izango du Diasporan: Polonia, Txekia, Txile, Hungaria, Argentina, AEB...

2013/02/20

Korrika 16 Argentinako Necochea hirira ere heldu zen, 2009 urtean (argazkia Iñaki Agostini Zubillaga)
Korrika 16 Argentinako Necochea hirira ere heldu zen, 2009 urtean (argazkia Iñaki Agostini Zubillaga)

PUBLIZITATEA

Korrika 18 martxoaren 14an abiatuko da Andoainen eta 11 egunez, gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du, martxoaren 24an Baionara heldu arte. Korrika AEK euskaltegien koordinadorak antolatutako herri lasterketa erraldoia da, helduen euskaratzea eta alfabetizazioaren alde, eta milaka euskaltzaleren babesa jaso ohi du ibilbidean zehar. Diasporan ere gero eta oihartzun handiagoa du eta makina bat lekutan hasi dira jada ekitaldiak prestatzen. Zuk ere halako zerbait egin nahi duzu zure euskal etxean? Jar zaitez AEKrekin harremanetan!

Donostia-San Sebastián. Diasporako euskaldunak hasi dira jada mugitzen Korrika 18ri ongi etorria egiteko eta munduko bazter eta txoko askotan ari dira ekitaldiak prestatzen. Aurreko edizioetan bezala, aurten ere Londresen, Madrilen, Bartzelonan, Berlinen, Mexiko DFn, New Yorken, Boisen, Txileko Santiagon, Buenos Airesen eta La Platan Korrikaren omenezeko lasterketak egingo dira eta euskal etxeetako korrikalariak hiri hauetako kaleetan lasterka egingo dute, euskararen aldeko aldarria nazioartera hedatuz. 

Diasporan ere Korrikak edizioz edizio jarraitzaile gehiago biltzen ditu eta aurten lasterketak muga berriak hautsiko ditu, hiri eta herrialde berrioak emendatuz: Polonia, Hungaria, Txekia, Geneva, Belfast, Liverpool eta leku gehiagotan ere egingo dira ekitaldiak. Datozen asteetan horien guztien berri emango dizuegu gure agendan.

Antolatu zeurea

Hiri hauetan guztietan hasi dira jada Korrika prestatzen, baina zure euskal etxean ere antzeko ekitaldiren bat antolatu nahi baduzu, ez zazu zalantzarik izan eta jar zaitez harremanetan AEKrekin, e-maila idatziz hona. Antolakuntzak lasterketa petoak eta Korrikako materiala helaraziko dizu.

-Korrikaren webgunea, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia