euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskalakarien 'maratoia' Londresko kaleetan: Basque Society-k Korrika 17ko lehiaketarako klipa egin du

2011/03/07

Londresko euskalakariak bideoa egiten (argazkia LondonEE)
Londresko euskalakariak bideoa egiten (argazkia LondonEE)

PUBLIZITATEA

Gogor egin dute lan London Basque Society-ko kideek Korrika 17ko Euskalaklip lehiaketarako bideoa prestatzen, eta emaitza sarean da ikusgai jada. Hiriko hainbat irudi tipiko ikus daitezke bideoan, euskaldun nekaezin bati jarraiki: Big Ben, Westminsterreko Legebiltzarra eta telefono kabina eta autobus mitikoak, besteak beste. Euskalakariak Korrika 17ri Londresko ongi etorria prestatzen hasiak dira orain, eta bitartean lehiaketan euren bideoari botoa emateko eskatzen dute. Gainera, hil honetan dantza ikastaroa hasiko dute eta larunbatean Keu Agirretxeak iaz Islandiako sumendia dela eta eman ezin izan zuen kontzertua eskainiko du.

Londres, Ingalaterra. Londreseko Euskal Elkarteak ere bideoklipa egin du Korrika 17k antolatu duen Euskalaklip! lehiaketarako (ikus bideo elkartearen webgunean). Lehiaketaren irabazlea sarean emandako botoen bidez aukeratuko dute, eta London Basque Society-koek euren lanari botoa emateko eskaria egin dute. Botoa emateko jo www.korrika.org webgunera. Bada Diasporako beste bideo bat ere, Rio Cuartoko barnetegiko euskara irakasleek egin zutena.

Londresen Korrika 17ren jaia prestatzen ari dira dagoeneko eta elkarteak antolakuntzan lagundu eta parte hartu nahi dutenei eurekin harremanetan jartzeko deia egin die (idatzi e-maila hona). Dantza tailerra ere abian jartzekotan dira hil honetan.

Keu eta sumendia

Bestalde, Keu Agirretxe musikariak kontzertua eskainiko du larunbatean Euskal Etxearen egoitzan (The Chapel, Oxford House, Bethnal Green E2). Bitxia da kontzertu honen istorioa, izan ere urte beteko atzerapenarekin dator. Iaz eman behar zuen kontzertua bertan behera utzi behar izan zuen Keuk, Islandiako sumendi famatu haren errautsak Europako hegaldi guztiak atzeratu eta eragotzi zituenean. 

Keu Agirretxea ondarroarrak Etsaiak talde ezagunarekin jo zuen (gitarra) 1994tik 2000a arte. Fjord taldean ibili zen ondoren eta 2006ean Etsaiak berriz bilduz zenean taldearekin aritu zen zenbait emanaldi egiten. Taldeak bueltatzeko eskaintza egin zion baina Keuk bakarlari gisa jarraitzea erabaki zuen Uek proiektuarekin.

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia