euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak, otsailean parte hartu duen azken ekimenen berri eman du

2011/03/07

Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' euskal etxeko kideek San Juango Eguzkiaren jaian hartu dute parte (argazkia Chascomus EE)
Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' euskal etxeko kideek San Juango Eguzkiaren jaian hartu dute parte (argazkia Chascomus EE)

PUBLIZITATEA

Inoiz baino lehenago hasi da mugimendua aurten Argentinako hainbat euskal etxetan. Euskara klaseen giroa berotuz, lagunen arteko topaketak eta bilerak eginez eta herrietako ekitaldietan parte hartuz ekin zion 2011. urteari euskal komunitateak Hego Amerikako udan. Chascomusetik, Argentinako Buenos Aires probintzian, bertako euskal etxeak otsaileko azken asteburuan parte hartu duen ekimenen berri plazaratu du ohar baten bidez. Mar del Platako Mus Txapelketan eta San Juango Eguzkiaren Jaian present egon ziren 'Zingirako Euskaldunak'eko kideak.

Chascomus, Argentina.  Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxeak gonbidaturik, 'Zingirako Euskaldunak'eko lau muslarik hartu dute parte Udako Mus Txapelketan otsailaren 25 eta 26an. Chascomuseko euskal etxearen izenean aurkeztu ziren lehiaketara Juan B. Mutuberria, Ricardo Etchepare, Cesar Martinez eta Jorge Etchepare eta euren esanetan “giro ederrean jokatu dugu. Hau bezalako topaketek euskaldunen eta euskal etxeen arteko harremanak sendotzeko balio dute”.

Beste alde batetik eta asteburu berean, Cuyo eskualdera abiatu zen 'Zingirako Euskaldunak'-eko beste talde bat. Urtero bezala, Eguzkiaren Jaia ospatu da aurten ere San Juan hirian eta chascomustarrek San Juango 'Eusko Etxea'-ko euskaldunak lagundu zituzten garrantzi handiko festa honetan euskal partaidetza indartzen.

Jaiaren testuinguruan eta San Juango departamenduarekin eta bertako gizatalde guztiekin batera, Buenos Aires probintziako 'Eusko Hazia' dantza talde chascomustarreko kideek 20 kaleko kabalkadan hartu zuten parte. Kaleetan zehar Donostiako danborradaren doinuak eta burrunba entzun ahal izan ziren, Zingirako Euskaldunak-en baitango gazteei esker. Palko nagusira heltzean, taldeko zuzendaria den Emiliano Armendariz-ek ohorezko aurreskua dantzatu eta txapela oparitu zien San Juan herriko agintariei. Horren ondoren, taldea Fandangoa egiteko batu zen.

'Zingirako Euskaldunak' euskal etxea San Juango Eguzkiaren Jaian 2011 02

['Eusko Hazia' dantza taldeko kideek Fandangoa dantzatu zuten agintarien palkoaren aurrean (argazkia ChascomusEE)]

1972 .urtetik ospatzen den jai honetaz disfrutatzeaz gain, dantzari bisitariek San Juango toki adierazgarriak ezagutu ahal izan zituzten, Domingo Faustino Sarmientoren etxea, Hirigintza-Oroimen Museoa, eta Udaletxea, besteak beste. Eguzki jaiaren amaieran eta festako erreginaren hautaketan ere izan ziren bisitariak.  

'Zingirako Euskaldunak'-eko kideak San Juango Eguzkiaren jaian 2011 01

[Chascomus eta San Juango euskal etxeetako kideek Udaletxea bisitatu zuten (argazkia ChascomusEE)]

“Esker beroak eman nahi dizkiegu San Juango 'Eusko Etxea'-ko kideei gure bidaia burutzeko emandako laguntzagatik”, azpimarratu dute Chascomusekoek zabaldu duten oharrean. “Egindako harrera ere izugarria izan zen. Oso ondo sentitu ginen, lagunen artean. Bide batez, Buenos Aires Hiriko Laurak Bat Euskal Etxearen laguntza ere aipatu nahi dugu haiek utzi baitzizkiguten danborrak gure ikuskizuna gauzatu ahal izateko”, berretsi dute 'Zingirako Euskaldunak'-eko kideek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia