euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hogeita hamar bat haur ari dira pilotari Chascomusen 'Zingirako Euskaldunak' EEaren Pilota Eskolan

2008/10/06

Infantil mailako pilota ikasleak giro onean irakaslearekin
Infantil mailako pilota ikasleak giro onean irakaslearekin

PUBLIZITATEA

Argentinako Chascomus-en, Sebastian Errecart pilotari maisu duen bertako 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxearen Pilota Eskolak aurrera darrai, hogeita hamar bat gaztetxo biltzen dituela larunbateroko pilota saioetan 'Pilota Berria' programaren baitan. Euskal Etxeak plazaratu duen ohar bat medio, Euskal Herririk etorrita bertan irakasle ibili den Enrike Huizi Olaizolak pilota ikasleekin eginiko lana azpimarratu nahi du Zuzendaritza Batzordeak, formakuntza alorrean duen eskarmentu nabaria partekatu nahi izan duelako.

Chascomus, Argentina. Chascomus-eko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeak Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programan parte hartzeko aurkeztutako programari eutsi dio eta aurrerapen handiak ari da egiten alor honetan bertako gaztetxoekin. Dagoeneko, 2008 hasieratik 30 bat mutiko dabiltza Euskal Etxeko trinketean larunbatero hiru orduz pilotan ikasten eta praktikatzen, Sebastian Errecart irakasle. Infantil mailako gazteei zuzendua dago ikastaroa eta izan du erantzunik gazteen artean, beste kirolen alternatiba sendo bezala agerturik.

Buenos Aires probintziako La Plata hiriburuko Euskal Etxean pilota irakasleentzat prestatutako ikastaro berezi baten laguntzaz eta astero Chascomus-eko Pilota Klubaren trinketean ikasleentzat egiten den lan ederrak ahalbidetu du hau guztia. Gazteak oso gustura datoz larunbat goizetan izaten diren saioetara, 10etatik eguerdiko ordu batera. horrekin batera eta partiden aurretik, prestakuntza teknikoa ematen diie Sebastian Errecart entrenatzaileak.

Orain gutxi Euskal Herritik etorrita Enrike Huizi Olaizola pilotaria izan zen Chascomus-eko Euskal Etxean eta benetan gustura geratu ziren usurbildarraren (Gipuzkoa) irakaspen eta esperientziarekin. Gazteek asko ikasi zuten eta baliagarri suertatu zitzaizkien Huizik esandakoak, Euskal Etxetik beretik adierazi dutenez.

Informazio gehiago: 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxea



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia