euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertsoak Londresen: Amets Arzalluzek eta Jokin Urangak saioa egin zuten bertako Euskal Elkartearen eskutik

2010/09/13

Jokin Uranga eta Amets Arzalluz bertsolariak Londoneko saioan (argazkiak LondonEE)
Jokin Uranga eta Amets Arzalluz bertsolariak Londoneko saioan (argazkiak LondonEE)

PUBLIZITATEA

Amets Arzalluz eta Jokin Uranga bertsolariak Londresen izan ziren joan den abuztuaren 28an hiriburu britainiarreko Basque Society elkarteak gonbidatuta, Bethnal Green-eko euskal etxean bertso-bazkaria egiteko. Giro ederrean egin zuten saioa, eguneko anekdota broma iturri hartuta: elkartera heldu aurretik taberna batean karterak, diru eta pasaporteak lapurtu zizkieten.

Londres, Ingalaterra. Londresko Euskal Etxeak bertso-bazkari batekin bukatu zuen aurten egin duen 'Euskal Uda'. Elkarteko hainbat kide bildu ziren Bethnal Green auzoko euskal etxearen egoitzan Amets Arzalluz hendaiarraren eta Jokin Uranga azpeitiarraren saioa entzuteko. Ordubietako zegoen jarrita bazkarirako hitzordua, baina azkenean bertso-bazkaria bertsolaririk gabe hasi behar izan zuten: euskal etxera heldu  baino lehen kartera (eta bertan pasaporteak eta dirua) lapurtu zizkieten taberna batean eta Amets eta Jokinek kontsulatura joan behar izan zuten lapurreta salatzera.

Azkenean 5ak aldera iritsi eta bazkaldu ondoren bertsolariek 'bertso-bazkaloste' ederra eskaini zuten eta gai zentrala, noski, eguneko abenturak eta lapurreta izan ziren. Ondoren bertsolariek hara bildutako lagun bakoitzari bertso bana bota zieten, Londonen zergatik ote zeuden asmatu nahian. Basque Society ko kideek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez, saioa "oso dibertigarria izan zen eta jendeak barre asko egin zuen".

London Bertso 20102

[Londoneko Euskal Etxean egin zen bertso-bazkariaren irudi bat (argazkia London EE)]

 London Bertso 2010

[Amets Arzalluz eta Jokin Uranga bertsolariak London Basque Societyko kideekin (argazkia LondonEE)]

Bertsolariak "oso inpresio onarekin gelditu ziren" eta esker oneko hitzak izan zituzten antolatzaileentzat. "Bueltatzeko asmoa eta gogoa ere agertu zuten, ea ba hurrengo urtean beste bat antolatzen dugun!", azaldu dute Basque Society-ko arduradunek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia