euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

London Basque Society-k kideak bilkurara deitu ditu elkartearen arazo ekonomikoei aurre egiteko

2009/02/27

Korrika London Basque Society-ren hitzordu klasikoetako bat da. Irudian, bertsolarien txanda (argazkia LBS)
Korrika London Basque Society-ren hitzordu klasikoetako bat da. Irudian, bertsolarien txanda (argazkia LBS)

PUBLIZITATEA

Londresko Euskal Etxea, London Basque Society elkartea, une latzak ari da bizitzen arlo ekonomikoan eta bazkideek ezohiko bilera deitu dute arazoari aurre egin eta irtenbideak bilatzeko. Arrazoi ezberdinak direla medio elkarteak Eusko Jaurlaritzarengandik jasotzen zuen dirulaguntza --euskal etxeentzako dirulaguntzen deialdiaren barruan-- azken urteetan nabarmen gutxitzen ikusi du. Orain elkartea finantziazio falta horri aurre egiteko bide bila ari da, euskal etxearen bulegoa mantendu ahal izateko eta bazkideei zerbitzu hobea emateko. Bitartean, jarduerek aurrera segitzen dute eta, esaterako, datozen hilabeteetan, Euskal Etxea medio, Korrika 16 Londresera helduko da.

Londres, Ingalaterra. London Basque Society elkarteak ezohiko bilkura egingo du datorren asteko asteburuan, martxoaren 8an, bere egoitza den Oxford House-eko kaperan, arratsaldeko lauetan hasita. Bileraren helburua elkartea bizitzen ari den egoera ekonomiko latza aztertu eta irtenbideak bilatzea da. Horretarako elkarteko kideek hainbat finantziazio iturri aztertuko dituzte bileran. Era berean, elkarteko arduradunek hausnarketa prozesu honen bidez elkartearen zerbitzu eta jarduerak hobetu nahi dituzte. 

London Basque Society elkarteko arduradunek azaltzen dutenez, arazo ekonomikoak Euskal Jaurlaritzak ematen duen laguntzaren gutxitzetik datoz. 2007an Londreseko Euskal Etxearen eskabidea ez zuen onartu Jaurlaritzak, epez kanpo heldu zela esanez. Aldi berean, 2008an laguntza eman bai, baina kopurua aurreko urteetako hamarrena izan zela diote euskal elkarteko iturriek.

Irtenbideak eta etorkizunerako ekimenak

Elkarteak arazoari aurre egin eta irtenbideak bilatzea erabaki du, finantziazio arazoa konpondu eta bulegoa eta egoitza mantendu ahal izateko. Ez hori bakarrik, elkarteak ekonomikoki autonomia maila altua lortzea jarri du helburu bezala. Horretarako elkarteak neurri jakin batzuk aztertuko ditu, hala nola, Euskal Herriko edo Ingalaterrako erakunde eta enpresen babesa bilatzea edo bazkideek urteroko kuota bat ordaintzea.

Neurri horiekin eta bileran erabakitzen diren beste edozeinekin eskuratutako dirua bulegoak mantentzeko eta jarduera berriak antolatzeko erabiliko luke elkarteak. Azkenaldian jardueren arloa nahikoa motel ibili da, izan ere, finantziazio falta hori zela eta. Anbizio handiko beste neurri batzuen artean elkarteak antolakuntza eta koordinazio lanak egingo dituen langile bat kontratatu nahiko luke, eta baita ere elkartearen egoitza finko bat eskuratu.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia