euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko koruak Buenos Aireseko Laurak Baten kantatuko du Lagun Onakekin

2009/02/27

Bizkaiko Abokatu Bazkuneko Korua emanaldi batean (argazkia BABK)
Bizkaiko Abokatu Bazkuneko Korua emanaldi batean (argazkia BABK)

PUBLIZITATEA

Datorren martxoaren 3an Buenos Aireseko Laurak Bat elkartean emango du kontzertua Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko Koruak. Abesbatz hau 60 bat abokatuk osatzen dute eta denetariko musika kantatzen dute: musika sakratua, klasikoa eta herrikoia. Kontzertuan talde gonbidatu gisa Lagun Onak koralak ere kantatuko du. Emanaldi honetarako bizkaitarrek errepertorio euskaldun zabala prestatu dute: euskal kanta oso ezagunetik hasi --Maite, Txoria Txori, Erribera, Xalbadorren Heriotza-- eta Santa Agedako koplekin bukatuz.

Bilbao, Bizkaia. Bizkaiko Abokatu Bazkuneko Koruak Argentinara bidaia egingo du datozen egunetan, Buenos Aires hirian bi kontzertu eskaintzeko asmoarekin. Hasteko, martxoaren 2an Coro del Colegio Público de Abogados de la Capital Federal koruarekin batera emanaldia eskainiko dute Avenida Corrientes 1441 helbidean. Hurrengo egunean, martxoaren 3an, Laurak Bat euskal etxean kantatuko dute, Lagun Onak abesbatz euskal-argentinarrarekin batera.

'Buenos Airesen astebete baino ez gara egongo', azaldu dio EuskalKultura.com-i koruko arduradun Jose Antonio Lozanok, 'baina denbora horretan hiriko euskal etxeak bisitatu eta hango euskaldunak ezagutu nahiko genituzke'. Bidaia honetara koruko 22 lagun joango dira, Karmele Barrena zuzendari bermeotarraren zuzendaritzapean. Taldearen errepertorioa oso zabala da eta musika sakratu, klasiko eta herrikoia jorratzen du koruak. Euskal musikagileek leku berezia dute euren kantaldietan.

Musikak batu

Korua osatzen duten lagunak lanean ari diren abokatuak dira, denak Bizkaiko Bazkuneko kideak. Hainbeste denbora eta engaiamendu esijitzen duen lanbide batekin, nondik ateratzen dute entsaiatzeko denbora? 'Eguerditan biltzen gara entsaiatzeko, astean bitan', erantzuten du Lozanok. 'Musikak pertsonak elkartu egiten ditu eta guk koruarekin asko gozatzen dugu'.

Koruak atzerrian hainbat kontzertu eskaini ditu, hamabi urtetako ibilbidean: Catania (Italia), Parise, Bruselas... Horrez gain arlo profesionaleko hainbat ekitalditan ere parte hartu du: Espainiako Abokatuen VI. Mintegia (A Coruña), Nazioarteko Abokatuen Batzarraren XL. Mintegia (Madril), Bartzelonako Abokatu Bazkuneko Eguna (Palau de Montjuich), Euskal Abokatuen III. Mintegiko itxiera ekitaldian (Bilbo), eta abar.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia