euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Goizueta familiaren 4. Topaketa astebete barru egingo da Argentinan La Platako Villa Elisan

2011/11/18

Goizuetarren 3. Topaketan parte hartu zuten senitarteko batzuk (argazkia EncuentroGoizuetarra)
Goizuetarren 3. Topaketan parte hartu zuten senitarteko batzuk (argazkia EncuentroGoizuetarra)

PUBLIZITATEA

Datorren asteko larunbatean, azaroaren 26ean, hitzordua dute La Platako Villa Elisan Juan Angel Goizueta y Gracia Mariezcurrena bikotearen ondorengoek, Goizuetarren 4. Famili Topaketan. Nafar senar-emazte hauek 1840ean Argentinara heldu ziren Pedro eta Manuel anaien birraiton-amonak izan ziren. Euren ondorengoek azken urteetan familiaren zuhaitz genealogikoa osatu dute, Argentinara eta Estatu Batuetara zabaltzen diren adarrak harremanetan jarriz. Villa Elisan aurrez aurre topatuko dira eta munduko beste Goizueta deituradun guztiei bertara edo Facebook-eko famili-orrira biltzeko gonbitea egiten diete.

Buenos Aires, Argentina. Fernanda Goizueta, 'Los Goizueta' izeneko Facebook orriaren sortzailea, EuskalKultura.com-ekin harremanetan jarri da eta gonbitea luzatu die mundu osoko goizuetatarrei azaroaren 26ean egingo den famili topaketan parte hartzeko. Goizuetarren 4. Topaketa Villa Elisako Cabaña El Rincón-en egingo da, La Plata eskualde edo partidoan.

Bertan bilduko dira Juan Angel Goizueta eta Gracia Mariezcurrena nafarren ondorengoak, Argentina eta Estatu Batuetaraino zabaldu den familia. Baina topaketa ez dago familiako kideei mugatua, Fernandak azaltzen duenez: "Gure adarrarekin famili-harremanik aurkitu ez dugun beste goizuetarrak ere gonbidatuta daude, azken finean abizen bera izateak lotzen gaitu eta".

Argentina eta Estatu Batuak

Lehendabiziko bi topaketak 2001ean egin ziren eta Goizueta Casco adarra bildu zuten. Topaketa horien ondorioz zuhaitz genealogikoa osatzen hasi ziren. "Hiru urte beranduago, interneti esker, Fox Goizueta adarrarekin indarrak bildu eta zuhaitza osatu genuen. Horri esker harremanetan jarri ginen leku askotako senitartekoekin: Santa Fe, Salta, Tucumán, Formosa, San Juan, Mar del Plata, 9 de Julio, Boston, Pasadena...", azaltzen du Fernandak. Gauzak horrela, hirugarren topaketa 2007an egin zen eta ehun lagundik gora bildu zituen.

Edizio berri honetan aspaldi ikusi gabeko senitartekoak ikusteko aukera edo belaunaldi berriak ezagutzeko parada izango dute partehartzaileek. "Topaketan debekatuta egongo da barrerik ez egitea, baina baimena ematen da negar malkoren bat edo beste botatzeko. Euskal dantzak ikusi eta ikasiko ditugu, opariak jasoko ditugu, zozketak egingo ditugu, argazkiak ikusi eta bideoak jarriko ditugu", aurreratzen du Fernandak aurtengo bilkurari buruz.

-Informazio gehiago antolatzaileei e-maila bidaliz, hona
-Goizuetatarren orria Facebook-en, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia